Anaje Narbaizak saria jaso du Elay enpresan euskararen alde egindako lan guztiagatik

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko eka. 28a, 19:26

1992an euskara plana abiatu zuen Antzuolako Elay enpresak eta lan munduko lehen esperientzia izan zen hura. Egun, euskara plana desagertu da Elayn, euskara egunerokotasunean txertatzea lortu baitute. Horretan guztian parte-hartze zuzena izan du Anaje Narbaizak, eta horregatik, bere ibilbideagatik eta urte hauetan euskararen erabilera lan munduan normalizatzeko egindako ekarpenagatik, Narbaiza saritu dute gaur. Bai Euskarari Laguna saria eman diote.

Anaje Narbaizak hunkituta jaso du saria. Berak jaso duen arren, Elay taldearen saria dela argi utzi nahi izan du hasteko. "Gure aurrekariak erreferenteak dira euskararen munduan. Sariak haien maila berdinean jartzen gaitu, eta horrek sekulako poza ematen digu. Errekonozimendu handia da eta hunkituta gaude, eta apur bat beldurtuta”. 

Narbaizaren iritziz, Elay enpresak euskarari egin dion ekarpenik handiena "lana euskaraz egin daitekeela sinistea, eta sinisten genuen hura gauzatzea posible dela azaltzea izan da. Zentzu horretan, atzetik datozen enpresentzat eredu bat ezarri dugula esan daiteke".

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Durangoko Plateruena Kafe Antzokian antolatu duen ekitaldian saritu dute Narbaiza.

Rober Gutierrez Bai Euskarari elkarteko zuzendariak eman dio saria Anaje Narbaizari.

Ekitaldi berezia utzailaren 18an

Bestalde, 90ko hamarkada hasieratik Elay enpresa euskaratzeko lantegiko guztiek egin duten ahalegina aitortu, saritu eta guztien artean ospatzeko ekitaldi berezia egingo du Elayk datorren uztailaren 18an, Antzuolako jaiekin bat eginez. "Euskara Planaren amaierara heldu garen honetan, ekitaldi xume batekin ospatu nahi dugu lorpen hau" adierazi dute Elaytik. Eguerdiko 12:30ean, Antzuolako Torresoroa aretoan egingo dute ekitaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak