Jai giroa nagusi herriko erdigunean asteburuan

Iure Eizagirre 2013ko eka. 21a, 16:20

Ordu gutxi batzuk falta dira 2013ko Kalebarrengo jaiak hasteko. Ordubete beranduago danborradan parte hartuko duten haurrei Zurrategin emango dieten merienda izango da jaietako lehen ekitaldia.

Kalebarrengo jaien hasiera ofiziala 19:00etan izango da. Txepleroek eta osteko haurren danborradak egingo die ongi etorria festei.

Iaz moduan, Anelkarrek bat egin du Kalebarrengo jaiekin eta pintxo-pote solidarioa eskainiko du Zurrategin. Aurten Bergarako Ndank Ndank taldearen laguntza izango du eta Senegalgo musika eskainiko dute eurek. Gainera, talde horren kamisetak, Xinkonako arropa eta Boliviako produktuak egongo dira salgai.

Gauean afaria eta Guri 5 taldearen kontzertua izango dira eta goizaldean, 01:00ak aldera, aulkien jokoa egingo dute.

Biharkoa ekitaldiz betetako eguna izango da: ginkana, mus txapelketa eta haurrendako jolasak izango dira arratsalde erdira bitartean. Jaietako ekitaldirik berezienetakoa 19:00etan hasiko da: arbolaren jasotzea. Ondarreko gaiteroen doinuekin igoko dute arbola, eta hori jasota, goraino igo eta itsulapikoa hartzeko ahalegina egin ahal izango dute herritarrek. Saiakera horren ostean, antzuolarrak auzo afarian batuko dira 21:00etan.

22:30ean hasiko da Angel Ezkurra DJ-aren saioa eta gauerdian atsedenaldia hartuko du sagar dantzari lekua egiteko. Bikoteka, dantzarako duten abilezia erakutsi beharko dute antzuolarrek, uneoro bekokian sagarrari eusten dioten bitartean. Dantzariak banaka-banaka kanporatu eta irabazleak izendatu ostean, Angel Ezkurrak musika jartzen jarraituko du. Goizaldeko laurak arte ibiliko da, eta, horren ostean, twister lehiaketa egingo dute.

Txistularien goizeresiak iratzartuko du domeka 10:00etatik aurrera, eta meza izango da ostean. Hori amaituta salda eta txorizoaz gozatzeko aukera izango dute Kalebarrenen. Eguerdian dantzari gazteen emanaldia izango da. Jaiak amaitzeko asto lasterketa egingo dute 19:00etan eta ostean  zozketa izango da.

San Juanak herrian

Kalebarrengo jaiak eta San Juan bezpera batera egokitu dira aurten. Ez dira, ordea, elkarren traba izango, izan ere, Kalebarrengo jaien ostean hasiko dira San Juanetako ospakizunak.

Asto lasterketaren ondoren, 20:00etan jasoko dute San Juanetako arbola Herriko Plazan eta ostean Oinarin herriko dantza taldearen saioa izango da. Horren ostean piztuko dute sua, antzuolarrek jausi eta dantza egin dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak