Bihar amaituko da domekako bisita gidatuan izena emateko epea

Iure Eizagirre 2013ko eka. 13a, 12:00

Herriko ondare kulturala ezagutzera emateko asmoz, Antiguako ermita eta Antzuolako erdigunea bisitatuko dituzte. Interesa dutenek 943 796 463 telefono zenbakian eta info@tierraignaciana.com helbide elektronikoan eman dezakete izena.

Debagoieneko Mankomunitateak Ignaziotar Lurraldea deitutako proiektu turistikoan hartu du parte aurten lehen aldiz, Urola Garaiarekin eta Urola Erdiarekin bat eginda.

Hiru eskualdeetako ondare erlijiosoa eta kulturala sustatzeko asmoz, hainbat bisita gidatu egin dituzte eskualde bakoitzean. Antzuolan, apirilean egin zuten lehen bisita eta domekan izango da hurrengoa.

XVI. mendea aztertzen ari dira bisitetan, batetik Loiolako San Inazioren mendea izan zelako eta bestetik garai hartako ondare zabala dagoelako eskualde horietan.

Antzuolako hurrengo bisita Antiguako ermitan hasiko da, eta handik erdigunera joango dira, bertako interesguneak ezagutu eta eliza ikustera

Parte hartu nahi dutenek bihar dute izena emateko azken eguna eta horretarako turismo zerbitzuarekin jarri beharko dute harremanetan, 943 796 463 telefono zenbakira deituz edo info@tierraignaciana.com helbidera idatziz. Bisita gidatua bi euro kostako da.

Jarraipena erabakitzeke

Duela pare bat hilabete egindako bisitak erantzun ona izan zuen eta antzuolarren zein ingurukoen interesa piztu zuen.

Harrera ona izan arren, Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Bulegoan oraindik ez dute egitasmoaren balorazio orokorrik egin. Bigarren bisitaren ostean datu zehatzagoak izango dituzte eta orduan erabakiko dute aurrerantzean proiektu honekin jarraituko duten ala ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak