Asteburuan aukeratuko dute herritarrek jaietako zapia

Iure Eizagirre 2013ko eka. 7a, 20:00

Antzuolarrek asteburu honetan aukeratu ahal izango dute dagoeneko herriko jai nagusietako lepoko zapiaren diseinua. Udalak lehiaketa jarri zuen martxan duela aste batzuk eta joan den egubakoitzean amaitu zen bertan parte hartzeko epea.

Jaietako irudi izateko lau proposamen aurkeztu dituzte, guztiak Antzuolako bizilagunek, hori baitzen lehiaketako baldintzetako bat.

Lanok asteburu honetan, bihar eta domekan, egongo dira ikusgai Olaran etxean. Lau diseinuak panel batean jarriko dituzte eta herritarrek gehien atsegin dutena bozkatu ahal izango dute, 18:30etik 20:30era. Pertsona bakoitzak boto bat eman ahal izango du eta bertaratzen direnen botoa erabakigarria izango da, eurak izango direlako lehiaketako epaimahai bakarra.

Urtero moduan, lepoko zapia triangelu formakoa eta kolore bakarrekoa izango da. Lehiaketako baldintzetan zehaztutakoaren arabera, aurkeztutako proposamenek beste bi kolore eduki zitzaketen.

Zapiaren aukeraketa asteburu honetan egingo bada ere, antzuolarrek jaien bezperara arte itxaron beharko dute festetan soinean eramango duten irudia zein izango den eta nork egin duen jakiteko. Jone Larrañaga Kultura zinegotziak iragarri duenez, uztailaren 14an aurkeztuko dute jaietako irudia. Domeka izan arren, egun horretan bertan jarriko dituzte salgai zapi berriak. "Irabazlearendako saria egongo da baina hori ere egun horretan iragarriko dugu", gaineratu du Kultura zinegotziak.

Mahaien erreserba

Oraindik hilabete baino gehiago falta da herriko jai nagusiei hasiera emateko. Zenbait ekintza ordea, aurretik prestatu behar izaten dira, bazkariak eta afariak, esate baterako.

Azken urteotan moduan, jaien hasieran, uztailaren 18an, Bentazaharreko mutiko alaiekin afaria izango da eta hurrengo egunean bazkaria, plazan. Herri-giroko bi hitzordu horietarako mahaiak erreserbatzeko epea astelehenean irekiko da.

Erreserba eskariak udaletxean egin behar dira, edo hala nahi dutenek Udalaren webgunean, www.antzuola.com-en, egin dezakete. Txartela, erreserba egin ostean jaso beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak