Bihar eguerdian hasiko dituzte ospakizunak, bizikleta ginkanarekin. Atseden hartu ostean, arratsaldean helduko diete berriro festei. 16:30etik aurrera igerilekuak zeuden aurreikusita baina tenperatura baxua dago iragarrita biharko eta ez dituzte jarriko. Horren ordez haurrendako hainbat jolas prestatuko dituzte auzoko plazan.
Ostean, 18:00etan, hasiko da umeen krosa. Txikienek plaza gurutzatu beharko dute, 11-12 urtera artekoek Ondarren hasi eta amaituko dute lasterketa. Tartean baina, Kalegoitik eta Herriko plazatik pasa beharko dute. 12-13 urteko gaztetxoek ibilbide bera egin beharko dute baina bi aldiz.
Krosaren ostean, Txoborro magoak bere abilezia erakutsiko die ume eta helduei, plazan.
Jende gutxiago afaritan
Eguneko jardueretan galdutako indarra berreskuratzeko, auzo afaria izango da 21:00etatik aurrera plazan. Iaz 50 pertsona batu ziren baina aurten gutxiago izango dira, 30-35 lagun.
Afalostean Eneritz eta Lide trikitilariek alaituko dute giroa eta betiko moduan Ondarreko jaiez gozatzera hurbiltzen diren antzuolarrei eta kanpotarrei kafea eta edaria emango diete doan.
Meza izango da domekako lehen ekitaldia. Hori amaitzean, prozesioa egingo dute auzoan zehar eta ondoren dantzarien emanaldia egongo da. Goizean bertaratzen direnek salda eta txorizoa probatzeko aukera ere izango dute.
Ondarreko jaiek herriko beste hainbat auzotako festei egingo die bide, izan ere, ekainean zehar Kalebarrengo jaiak, Uzarraga eguna eta Lizarraga auzoko festak ospatuko dituzte.