Inguruko beste herri batzuetan duen arrakasta ikusita, Antzuolako Udalak autodefentsa feminista tailerra antolatu du lehen aldiz. Berdintasun Planaren barruan, hastapen modura, garatu da eta sentsibilizatzea du helburu. Gisa horretako jarduerek nolako erantzuna duten ere jakin nahi dute. Oraingoz, harrera ona izan du; izan ere, adin askotariko 20 pertsona batuko dira Olaranen, 09:30etik 13:30era.
Bertaratzen direnek indarkeriarekiko iritziak eta bizipenak konpartituko dituzte. Nagore Dos Santos Gizarte Ongizate zinegotziak azaldu duenez, emozioez berba egin eta indarkeria egoerak identifikatzen ahaleginduko dira: "Guztiontzako topagunea izatea da helburua. Beldurra ematen digunaren inguruan berba egin eta estrategiak garatuko ditugu, indibidualki eta kolektiboki zer egin daitekeen aztertzeko. Autodefentsa modura zer ulertzen dugun ere zehazten saiatuko gara".
Bilgune Feministaren eskutik
Bilgune Feministako ordezkariek emango dute biharko tailerra. Elkarteak esperientzia zabala du mota horretako ekintzetan, eta egunerokotasunean emakume guztiek indarkeria jasaten dutela ondorioztatu dute.
Elkarteko ordezkarien esanetan, eraso sexista fisikoak dira publikoki gehien azaleratzen direnak, baina emakumeek indarkeria modu sotilagoan jasaten dute askotan.
Hori aztertuko dute tailerraren zati batean. Kontzeptuak zehazten saiatuko dira, indarkeria eta autodefentsa, adibidez. Arlo esperimentala ere landuko dute, baina ez bakarrik eraso fisikoari aurre egiteko erakutsi ohi diren teknikak ikasita. Izan ere, beste elementu batzuk ere garrantzitsuak izan daitezke emakumeen aurkako indarkeria saihesteko. Jarrera, ahotsa, begirada eta ondoren arlo fisikoa landuko dituzte".
Berdintasun Plana
Biharko tailerra Udaletik aspaldian garatzen ari diren Berdintasun Planaren barruan antolatu dute. Antzuolako Udalak Bideberri mankomunitatean lantzen du plan hori, beraz, Leintz Gatzagako eta Elgetako udalekin elkarlanean ari da antzuolarren artean ere gizon eta emakumeek eskubide berdinak izan ditzaten.
Berdintasun Planaren barruan, ekintza batzuk elkarrekin garatzen dituzte hiru udalek, baina beste batzuetarako bakarka funtzionatzen dute. Kasu honetan, autodefentsa tailerra Antzuolako Udalak antolatu du.
Urtean zehar berdintasunaren aldeko antolatutako ekintzen artean hiru dira azpimarratzekoak aurten: Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu zuen jarduera programa, Indarkeriaren Aurkako Protokoloa eta biharko autodefentsa feminista tailerra.
Indarkeriaren Aurkako Protokoloari esker, Antzuolako Udalak zehaztuta dauka zer egin behar duen herrian emakumeen aurkako indarkeria kasuren bat salatzen bada. Udal moduan nola erantzun behar duen eta norekin jarri behar duen harremanetan zehazten du protokoloak.