San Isidro azokan jendea bai, baina estalpean

Iure Eizagirre 2013ko mai. 18a, 19:26

San Isidro azoka egin dute gaur goizean Antzuolan eguazteneko nekazarien eguna ospatzeko. Ohi bezala ganadua, artisautza eta bestelako produktuen azoka, musika eta kukumarro erakusketa izan dira.

Gaur goizeko eguraldia ez da antzuolarrek San Isidro azoka ospatzeko oztopo izan. Herriko plazan jende gutxiago ibili da euripean zeuden animaliak ikusten baina umeak, gazteak eta helduak bertaratu dira astoak, ardiak, pottokak eta behiak ikustera.

Eskola ondoko estalpean antolatutako artisau eta bestelako produktuen azokan bildu da jende gehien. Estalpeko sarreran zeuden bost kukumarroek egin diete harrera. Batzuek ogia erosi dute, besteek belarritakoak begiratu dituzte eta zenbaitek artisauek egiten duten lanaz eurekin hitz egiteko aprobetxatu dute goiza. Taloak eta gozoak saldu dituzten postuak izan dira arrakastatsuenetako batzuk eta uneren batean ilarak ere sortu dira. 

Anelkarrentzako laguntza

Denetariko postuak egon dira azokan eta tartean Anelkar elkarteak Bidezko Merkataritzako produktuena jarri du. Ondoan Alaitz Jauregi diseinatzailearena egon da eta honek iazko kolekzioarekin lortutako etekinak Anelkar elkarteari eman dizkio, Kongoko eta Senegalgo proiektuak garatzen jarrai dezan. 

Ekitaldirik programatuta ez badago ere, zenbait antzuolarrek egunari hasiera besterik ez diote eman San Isidro azokarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak