Etxekoen aurrean irabazi du liga Antzuolak, eta mailaz igoko dira

Mireia Bikuña 2013ko mai. 13a, 00:19

Egun historikoa izan zen Antzuola futbol taldearendako, eta halaxe azpimarratzen zuten elastiko hori janztea zer den ondo dakiten, eta dagoeneko erretiratuta dauden hainbat jokalari beteranok. Balentria berdegunean egin zutenek ere horixe aitortzen zuten, begiak bete malko zituztela: "Hainbat belaunalditako jendea etorri da gaur Estalara partidu hau ikustera, eta guztiondako izan da egun berezia, Antzuola inoiz ez delako ohorezko erregional mailara igo", zioen kapitainak, Iñaki Agirrek.  

 

Aste bukaerako kirol kronikak

Antzuola ondo merezita lehiatuko da datorren urtean bailarako beste taldeen kontra; hala, adi Bergara, Aretxabaleta, Mondra edo Aloña Mendi, Estala futbol zelaiko ezaugarriak tarteko, bertako puntuak oso garesti egongo direlako. 

Idiazabal, gutxira etorrita 

Partiduko lehenengo minutuak urduritasun handikoak izan ziren. Antzuolak moralki kolpe gogorra hartu zuen joan den astean, urte osoan aurrean ibili ostean Zestoan partidua galdu eta bigarren postura salto egin zutenean. Orduan Juanina Garai entrenatzaileak garbi egin zuen berba: "Ez dugu partidua irabazteko aparteko ahaleginik egin, ez gara Antzuola izan". Hala, atzoko partiduan etxeko taldea Antzuola izan zen ostera.

Idiazabal –ez zuen ezer jokoan– ondo kokatu zen atzealdean, baina berdinketa defendatzeko asmoz zelairatu ziren, partidua irabazteko aparteko ahaleginik egiteko asmo barik, edo gaitasun barik. Antzuola, ostera, poliki-poliki hasi zen kontrarioaren ate ingurura gerturatzen. Lehenengo abisua kategoria txiki geratzen zaiola erakutsi zuen Zubikaraik eman zuen, ezker hegaletik erdiraketa, baina erremate garbirik ez. Ondorengo minutuak oso trabatuak izan ziren –zelai horrek horretarako aukera ematen du– baina 39. minutuan arduratu zen, Zubikarai ostera, korapilo hori askatzen. Ezker hegaletik jokaldi ederra egin, eta ia alboko marra gainetik bi defentsa utzi zituen atzean, horietako azkenak penaltia egin zion arte.

Hori behar zuen Antzuolak, lehenengo gola egin eta Idiazabal eraso egitera behartzea. Hala, kapitainak hartu zuen penaltia jaurtitzeko ardura, eta barrura (1-0). 

Eta Soraluzen, zer? 

Estalan gertatzen ari zenarekin batera, antzuolarrak Soraluzen gertatzen ari zenaz galdezka zebiltzan. Izan ere, Antzuolaren aurretik lider zen Getariakok Ezozian zuen partidua. Eta, Soraluzeko berdegunetik iristen ziren berriak onak ziren, Soraluze aurretik zelako markagailuan (3-2 irabazi zuten), eta horrek lider egiten zuelako Antzuola.

Bigarren zatia hasi eta berehala egin zuen Antzuolak Idiazabal birrindu zuen gola. Zubikaraik baloia lapurtu zuen zelai erdian, eta kontrarioaren atetik 30 metro ingurura zela, eskuin hankarekin –hanka txarra– jaurtiketa ederra eginda bigarrena lortu zuen (2-0). Eta birrindu diogu, Idiazabal gol horretatik errekuperatu barik zegoenean hirugarrena jaso zuelako: Imanol Aranzabalek aireko jokaldian baloia buruz loratzea lortu zuen, eta Idiazabalgo Joseba atezaina gainditu zuen (3-0). 

Tentsioa mantenduz

Hiru gol eginda ere ez zuen Antzuolak lasaitzeko tarterik hartu. Garai minutuak banatzen hasi zen gutxiago jokatu duten jokalarien artean, baina berdegunean ez zuen akats bakarra barkatzen, jokalariei uneoro adi egoteko eta gauzak erraz egiteko eskatuz. Hala, laugarren gola berdegunera salto egin berri zegoen Iban Unanuek egin zuen: Del Pozok ezker hegaletik hasi zuen jokaldia, eta Zubikarairi hegalera zabaldu beharrean zuzen erdiratzea erabaki, eta Unanuek saretara bidali zuen arrasatearraren pase ona (4-0). Eta hain zuzen, Del Pozo izan zen arratsaldeko azken gola egin zuena, bosgarrena, pastelaren ginda (5-0). 

Ospakizunak, luze

Estalako ospakizunen ostean –luntxa izan zen– udaletxerako bidea hartu zuten futbol taldeko ordezkariek, herritarrei liga eskaini eta euren babesa jaso asmoz. Denboraldi eder honek, baina, azken errematea behar du, multzoko txapeldun bai, baina Gipuzkoako txapeldun geratzeko finala dutelako zain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak