Kalean dago Maite Toledo antzuolarraren bigarren poesia liburua, Hemen. 37 olerki batzen ditu, batzuk beste batzuk baino luzeagoak. "Poesia bisuala islatzen da olerki motzetan, batez ere; luzeak, gai baten ingurukoak dira", azaldu du egileak.
Diseinatzaileen ilustrazioak
Joan den urtean idatzi zituen poesia gehienak; Sardinian oporretan zegoela hasi zen liburua idazten. "Aurreko liburutik hona, erosoago sentitu naiz; gozamenera eraman nau liburuak", aitortu du egileak. Lau zati ezberdinetan batu ditu jasotako olerkiak: Hilezkortasunera igarota, Poesiak salbatuko gaitu, Zu zeu eta Nabigatzen izeneko ataletan, hain zuzen. Gainera, liburua ilustratuta dator. Azalean, Kristobal Balentziaga inspirazio iturri hartutako irudi bat dago, eta barruko orrietan beste diseinatzaile batzuen argazkiak datoz. Gustura gelditu da Toledo.
Ediciones Beta argitaletxearekin argitaratu du liburua. Jet Lag aurreko olerki lana ere etxe horrekin kaleratu zuen.