Hala, aurreko aktaren irakurketa egin ondoren, Udalaren eta Migel Altuna Institutuaren arteko hitzarmena onartu zen, honen bidez Lantokiko prestakuntza modulu bat garatzea posible izango da. Matz Errekan egitekotan dauden obra batzuen inguruko puntuak hainbat protesta eragin zuen, izan ere EAJko zinegotzi Maria Eugenia Arrizabalagak xehetasun azterlanean hainbat kontraesan zeudela adierazi zuen eta informazioa kontrastatzeko eskaera egin zuen, hortaz, gai hau mahai gainean geratu zen. Berdeguneen mantenurako kontratazioa egite aldera, esleipena egiteko jardunbideari hasiera emateko baimena lortu zen eta baita udal kolunbarioa arautzeko ordenantza ere. Jorratutako beste gai bat Sagastin egitekoa den biribilgunea izan zen. EAJko zinegotzien aldetik ere hainbat aipamen egin ziren eta nahiz eta aldeko botoa eman "legearen barruan gauzak egiten badira" aipamena txertatu nahi izan zuen Arrizabalagak. Torresoroa landa eremuko zentro balioanizdunaren erabilera eta kudeaketa kontratua luzatzeko proposamena ere onartu zuten. Martitzenekoa beraz, pleno emankorra izan zen.
Iker Manso zinegotzi berria
Bi urtean zehar udaleko gobernu taldean ogasun eta pertsonaleko batzordean lanean aritu ondoren, Mikel Jauregik lana, familia eta udal zereginen bateraezintasunagatik bere kargua utzi behar izan du.
Iker Mansok hartu du Mikel Jauregiren zinegotzi kargua, bere esku geratuz euskarako eta hezkuntzako batzordeak. Horrez gain, tokiko gobernu batzordeko kide berria ere izango da.Ogasun eta pertsonaleko batzordeburu berria Inma Beristain izango da.