Elkarbizitza plan berria abian jarriko du Udalak

Ane Miren Etxeberria 2013ko maiatzaren 9a

'Herrigintzaren garrantzia eta herritarren parte-hartzea, inplikazioa eta elkarlana' oso garrantzitsuak dira Udalarentzat eta euren lan ildo bilakatu da. Hala, elkarlanean hainbat proiektu eraman dira aurrera herrian, besteak beste bizikletak garbitzeko gunea, aisialdi guneak, San Jose auzolanean garbitzea eta beste hainbat. Honetaz gain, 2013ko aurrekontuak zehazteko egin zen parte hartze prozesuak izandako arrakastaren ondorioz, elkarbizitza lantzeko proposamena mahai gainera atera zen, hori dela eta prozesu honi ekitea erabaki du Udalak.

Hortaz, plan berria abian jarriko du Udalak, jatorri desberdinetako herritarren arteko bizikidetza sustatu eta bultzatzeko. Maiatzean hasi eta ekainera arte "Antzuolan jaiotakoak eta kanpotik etorritako antzuolarrekin, guztion bizipenetatik abiatuta eta guztion ikuspuntuekin, elkarbizitzarako marko bat eraikitzea" lortu nahi du Udalak.  

Horretarako hainbat bilera egingo dira, lehena maiatzaren 14an Olaranen arratsaldeko 18:30tatik aurrera. Herritar guztiak gonbidatuta daude eta gainera, bilerak iraungo dituen bi ordu horietan zaintza zerbitzua egongo da. Datorren martitzenekoaz gain, maiatzaren 28an eta ekainaren 11an ere bilerak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak