Pedro Iturbe, Antzuolako alkate ohia, Aldundiko Lurralde Garapenerako zuzendari

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mai. 7a, 11:38

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Garapenerako Zuzendaritza aurkeztu zuen atzo, martitzena, eta Pedro Iturbe izendatu du zuzendari. Lurralde garapena bultzatzeko departamentu guztiek lan egiten dute eta departamentuetatik egiten den lan hori guztia koordinatzeko eta bideratzeko helburuarekin sortu dute zeharkako zuzendaritza, adierazi dutenez. Martin Garitanok, diputatu nagusiak, bere kabineteko zeharkako zuzendaritza berriaren garrantzia nabarmendu du krisiari aurre egiteko jardunean.

Eredu aldaketa beharrezkoa da krisitik irteteko eta herritarrak daude horren erdigunean, ahaldun nagusiaren esanetan: "Krisia sistemikoa, egiturazkoa eta askotarikoa da, eta orain arteko errezetek ez dute balio. Egoera honetaraino ekarri gaituzten politikak aldatu behar dira, beste eredu bat bultzatu behar dugu, eredu partekatu bat, elkarlanean, gipuzkoarron artean, eraikiko duguna. Eredu aldaketa horren erdigunea herritarra da, pertsona, gipuzkoarra".

"Erakunde honetatik hasita, lurralde garapeneko politikek Aldundi osoa hartu behar dute bere baitan", adierazi du, eta Aldundia horretan ari dela gaineratu "legealdi hasieratik eta arloz arlo aldaketa horri begira hainbat eta hainbat erabaki hartuz".

Beste urrats bat

Ikuspegi integral horri begira emandako beste urrats bat da eman berri dutena, Aldunditik jakinarazi dutenez: Lurralde Garapenerako Zeharkako Zuzendaritza sortu berri dute.

Lurralde garapena bultzatzeko departamentu guztiek lan egiten dute eta departamentuetatik egiten den lan hori guztia koordinatzeko eta bideratzeko helburuarekin sortu dute zeharkako zuzendaritza: "Aldundi osoak norabide horretan kokatu eta egiten dugun hori indarberritzeko eta lurralde osoan eragiteko helburuarekin, tokian toki egunero egiten den garapena indartzeko".

"Alor honetan ibilbide luzea du Iturbek"

Horretarako, gainera, maila lokalean esperientzia duen zuzendaria jarri dutela azpimarratu dute foru ordezkariek: Pedro Iturbe, Antzuolako alkate izandakoa eta "alor honetan ibilbide luze duela", euren esanetan.

Lurralde garapenerako ildoaren lerroak datozen asteetan azalduko dituzte zehatzago, baina bi aspektu azpimarratu dituzte: Tokia eta Sarea: "Aberatsak dira oso gure Gipuzkoa honetan tokian toki ematen ari diren garapenerako ekimenak. Tokian toki gertatzen denaz eta sustatu nahi denaz jabetu behar dugu eta denak elkarrekin egoera hau iraultzeko oinarri sendoak jarri. Eta nola ez Sarea. Gipuzkoa berria eraikitzeko Gipuzkoak Sarean funtzionatu behar du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak