Juanina Garai: "Igoera gertu ikustean hasi dira zalantzak; eskerrak bigarrena ere igoko dela seguruenik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko maiatzaren 5a

Laugarren jardunalditik lider izan ostean atzo bigarren postura jaitsi zen Antzuola. "Kolpe itzela" izan zen, baina Juanina Garai entrenatzailearen arabera, bigarrena ere mailaz igoko da, karanbola arrarorik ezean. Getariakok atzo bertan ospatu zuen igoera matematikoki lehen postua bermatuta izan barik.

Kolpe handia izan zen Zestoaren aurkako porrota?
Kolpe itzela izan zen. Ez genuen ezer egin irabazteko, ez genuen gure ohiko maila erakutsi. Atzo ez nuen nire taldea ezagutu. Eurek gu baino korrika gehiago egin zuten eta horregatik lortu zuten garaipena. Lehen 15 minutuetan lau aukera garbi izan genituen ate aurrean baina ez genuen asmatu. Aukera horiek barkatu ostean ez dakit zer aldatu zen gure buruan baina ez ginen gu izan. Eta hori atsedenaldira 1-2 irabazten joan ginela eta aldagelan ez erlaxatzeko berba egin genuela, baina...

Zer gertatu zitzaion taldeari?
Ez dakit zehazki. Presio larregi  izan genuen, akaso. Horri leporatu gura diot. Bigarren zatia hasi eta gutxira 2-2koa egin ziguten eta gola jaso eta berehala hamar jokalarirekin geratu ginen. Ordura arte gauzak gaizki bazihoazen, hortik aurrera are okerrago joan ziren. Jokalari bat gutxiagorekin geratzeari ezin izan genion buelta eman.

Zestoak ez du talde txarra. Eurek ere izango zuten zerikusirik, edo?
Akaso bai, baina errua gurea izan zela esango nuke. Epaileak ere ez zuen batera lagundu, baina ez ginen beste hainbat partidutan irten izan garen moduan irten. Lazkaon, adibidez, sekulako grinaz irten ginen. Baina Lazkaoren aurka jokatu zuen taldeak eta atzokoak ez dute zerikusirik. Badakizu, halako mailetan futbol talde batek asko alda dezake aste batetik bestera. Gu zuritik beltzera aldatu gara.

Getariakok irabazi egin du eta bigarren zaudete orain, ia denboraldi osoan zehar lider sendoak izan ostean. Igoera arriskuan al dago?
Getariakok igoera ospatu zuen zapatuan. Udaletxean harrera egin zieten jokalariei baina oraindik ez dira lehenak matematikoki. Soraluzeren aurka ez badute irabazten eta guk azkena doan Idiazabalen aurka irabazten badugu guk amaituko genuke lehen postuan. Beraz, lehen bi sailkatuak mailaz igoko direla esan daiteke baina oraindik ezin da ofiziala egin. Eman behar diren karanbolak oso arraroak izan behar dira bigarrena ez igotzeko.

Azken lehia alde batera utzita, Antzuolaren denboraldia urte askoan gogoratzekoa izan da.
Zalantza barik. Urte historikoa izan daiteke, Antzuola ez da-eta sekula egon Ohorezko Mailan. Antzuolarrak asko inplikatu dira; atzo [zapatuan] jende asko joan zen Zestoara eta pena handia da zaletuen aurrean hala galdu izana. Era berean, baina, denboraldi hasieran inork ez zuen hau espero; partiduz partidu joan gara eta gauzak ondo irten zaizkigu. Hori bai, igoera gertu ikusi dugunean hasi dira zalantzak; eskerrak bigarren sailkatua ere igoko dela seguruenik...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak