Bada, horixe da, hain justu ere, Antzuolan egindako ipuin maratoiarekin ekidin nahi dena: "Ipuinak eta istorioak betidanik egon dira etxeetan eta gure herrietako plazetan. Ezinbestekoa dugu horiek guztiak lehenbailehen berreskuratzea", jarraitu du Oihulari Klowneko Imazek.
Saio laburrak
Bederatzi istorio edo ipuinek osatu dute Antzuolako maratoia, ume, gazte, zein helduek kontatuak. Gaua eta ilargia izan dute hizpide ipuin batzuk, oihaneko erregea eta haren seme-alaben arteko gorabeherak beste batek eta Getarian balearen arrantzan senarra galdu zuen alargun zoroaren istorioa beste batek. Interesgarriak guztiak eta ezberdinak, noski, kontalari bakoitzak bere ukitu berezia eman diolako istorioari.
Eta ahozkotasunaz ari garela, ezin bertsolaririk falta. Antton Fernandez, Uxue Fernandez eta Nerea Elustondo bertsolariek ere istorio politak kontatu dituzte bertsotan.
Lehenengoa baina ez azkena
Udaleko Kultura teknikari Jone Larrañaga oso pozik azaldu da saioaren amaieran. "Oso ekitaldi polita izan da eta hurrengo urteetan ere errepikatzeko asmoarekin jaio den ekimena da. Oraindik jende askori lotsa ematen dio taula gainera igotzea, baina suposatzen dut urtetik urtera gero eta jende gehiago animatuko dela".
Hurrengo domekan gehiago
Kontakizun gehiago entzuteko gogoarekin gelditu direnek hurrengo domekan, hilak 28, izango dute beste aukera bat. Karin Tscholl austriarrak Historias del Tirol izenburupean jardungo du. Kontakizuna gazteleraz izango da Torresoroan eta 19:00etan hasiko da.