Antzuolako udaleko kultura sailak kaleratu du dagoeneko apirileko ekintzen egitaraua eta horien artean dago apirilaren 21ean egingo den lehenengo ahoz aho maratoia. Oihulari Clown taldearen laguntzarekin antolatu dute.
Maratoia
Maratoi horretan ahoz zerbait adierazi nahi duten guztiek har dezakete parte: ipuinak, istorioak, garai bateko bizimoduaren pasarteak, bertsoak, kantuak ... Ahoz ahoko saio laburrak eskainiko ditu nahi duen edonork. Parte hartzeko, hori bai, izena eman behar da aldez aurretik, udaletxera joanda edo udaleko kultura batzordera mezua bidalita: kultura@antzuola.net da helbidea. Bestalde, KZ gunean tutorea egongo da apirileko eguen guztietan, azkenengoan izan ezik. Hau da, apirilaren 4an, 11n eta 18an tutorea egongo da KZgunean, liburutegian, 09:00etatik 13:00etara.
Patxiko Txerren ez aurten
Liburuaren nazioarteko eguna da apirilaren 23a eta horren harira Patxiko Txerren ipuin sariketa antolatu ohi izan du azken urtetan udalak. Aurten, baina, ez da egongo lehiaketa hori, "ipuinik ez delako landu", liburutegiko arduradunaren esanetan.
Udalekuak
Bestalde, udalekuak antolatu ditu aurten ere udalak. Udalekuak uztailean egingo diren arren, izenematea datorren hilabetetan, apirilean, zabalduko dute. Apirilaren 15etik 26ra egongo da aukera apuntatzeko. Izena emateko orriak ikastetxean banatuko dituzte, edo www.antzuola.com atariaren bidez ere egin ahal izango da. Udalekuetako begirale izan gura duten gaztetxoek ere epe bera dute izena emateko; udaletxeko web orriaren bitartez egin behar dute. Joan den urtean 131 ume ibili ziren udalekuetan, 5 urteko umeen gelatik hasi eta 6. mailara arteko umeak, hau da, 6 urtetik 11 urtera artekoak.