Aretoko ateak zabaldu aurretik, zain zegoen ikusleen ilara aintzat hartuta, nabaria zen herrian horrelako ikuskizun bat ikusteko ilusioa. Gogo berezia zutenak, taularen gainean zeuden Antzuolako ikasleak; beraientzako lehenengo aldia zen, ez zuten-eta Bergarakoetan parte hartu.
Kantuz kontatutako ipuina
Josemari Iturralde idazleak idatzitako istorioa da eta, David Azurtzarena da, berriz, musika. Haur txiki edo hastapenetako koruentzako idatzitako ipuina da honakoa; gehienbat, kantuz kontatutakoa.
Eskenatokiaren erdian, istorioko izarra zen erlauntzaren alde bietan banatuta, 50 neska-mutiko; txikienak 4 urte zituen eta 9 berriz, handienak. Eskuinetara, Marije Ugaldek, Musika Eskolako zuzendariaren gidaritzapean, talde instrumentala: Ane Zangitu, txeloan; Nekane Gabilondo flautan; Marijo Juaristi klarinetean eta Angel Agiriano akordeoiarekin. Guztiak, eskolako irakasleak. Ezkerretan, gehienbat kantuz kontatutako istorioaren haria lotzen zuen Aitzol Mujika, ikasle baten aita, narratzaile lanetan.