Aurten, inbertsio errealak igo egin dira. Iaz baino 69 mila euro pasatxo gehiago: 195.386,43 euro. Herritarrei aurkeztutako hasierako aurrekontuetan baina, aldaketa egin behar izan dituztela lege organikoaren ondorioz azaldu digu Ima Beristain Antzuolako alkateak:"Lotuta geneuzkan gastuak eta sarrerak aurrekontuan eta herritarrei ere aurkeztuta, baina Lege Organikoaren arabera 103 mila euro gutxitu behar izan ditugu gastuetatik. Proiektu batzu kendu egin behar izan ditugu. Sarrerak baina aurre ikusita daudenez, aurreikusitakoak gauzatzeko aukera izango dugu".
EAJ-ko Maria Eugenia Arrizabalagak, "kea saltzen" dabiltzala leporatu zieten. Autobus geltokiaren lanak eta Biomasa proiektua finantzatzeko diru-laguntzak ez daudela lotuta azaldu zuen: "Inbertsio horiek –autobus geltokiarena eta biomasarena– finantzatzeko nolabaiteko diru-laguntzak espero dituzte baina ez daude lotuta, ez dakigu eskatuta dauden, baina inolako ziurtasunik ez dago lortuko dituztela. Beraz, asmo bezala, azaldu daitezke nonbait, baina ez behintzat aurrekontu proiektu batean. Uste dut gauza berririk ez duela markatzen aurrekontu hauek".
Biomasa proiektua
Propanoari alternatiba bilatu nahi dio Udal gobernuak. Hala, faktura erdira jaistea da helburura. "Urtetik urtera igotzen doa faktura eta herritarrak beste irtenbide batzuk bilatzen dabiltza. Lantzen ari gara, erronka polita izango da. Gure legealdian ez da gauzatuko baina hurrengo legealdian segitzeko modua bilatu gurako genuke", dio Beristainek. EAJ-k aldiz, horrelako proiektu baten gainean beren zalantzak dituztela diote: "Planteamenduaren inguruan zalantza dugu, ez dugu horrelakorik ikusi inoiz udal aurrekontu batean".
Hirigintza eta argiteria planak
Lehentasuna baina, irisgarritasun planak eta dagoeneko Errekalde auzoan abiatu duten argiteria planak dauka aurten. "Aurtengo argiteria gastua erdira jaitsi nahi dugu eta hori da gure beste erronka nagusietako bat".
Autobusa herritik ateratzea ere lehentasuna da udalarendako; hala horretan buru-belarri dabiltzala Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin lanean azpimarratu digu alkateak.
Skate parkea ere proiektuen artean dute eta sarreren arabera gauzatuko dela azaldu dute.
Baserrietarako ur-sareko lanak ere izango dute jarraipena; 40 mila euro dago kudeaketarako.
Argiteria berria jarri dute Errekalden
Argi kontsumoa eta faktura erdira jaistea da Udal gobernuak esku artean daukan argiteria planaren helburua. Hala, lehen lanak abian dira Antzuolan. Lehen argiteria aldaketa, Errekalde auzoan egin dute. Hilabete –otsaila– daramate argiteria berriarekin eta hurrengo faktura %60 jaistea espero da. "21 farolatan jarri da argiteria eta aurten amortizatuko da kostua", azaldu digu Iñaki Yarza Hirigintza zinegotziak. Laster, Beheko auzoko argiteria aldatuko dituzte. 53 mila euro dago bideratuta.