Hitza da giltza Sasibertso Eskolan

Maider Arregi 2013ko otsailaren 18a

Bertsolaritzak, bertsotan aritzeaz gain, kulturaz, euskaraz eta lagunarteaz disfrutatzeko aukera ematen du. Horixe azpimarratu digu Hodei Letek, Sasibertso Eskolan sasi maisu arituko den antzuolar gazteak. 

"Bertso eskolaren lehen helburua Antzuolako gazte eta umeei bertso mundua ezagutarazi eta berarekin disfrutatzeko aukera ematea da. Ikasketa moduan ere balio garrantzitsuak ditu bertsoak: jendaurrean abestu, ideiak ordenatzen jakin, etab. Horretaz aparte, nola ez, bertso-kantuarekin lehen kontaktu bat izatea ere nahiko genuke: errimak, bertso zaharrak , bertso doinuak... ikasiz", dio Letek.

Antzuolako bertso eskolak

Lehenengo bertso eskola Enaitz Alustiza bergararrarekin izan zen Antzuolan. "Udaletxeak antolatutako bertso eskola hartan 8-9 bat pertsona ibili ginen urtarriletik ekainera arte. Haren ostean, ez zen berriz bertso eskolarik egon urte batzuetan zehar", azaldu digu Letek. 

Baina, orain 3-4 bat urte, Iñaki Gurrutxaga oriotarraren eskutik, berriro heldu zioten Antzuolan bertso eskolari. "Urte osoan zehar ibili ginen bertso eskolan 6-7 bat pertsona. Hau amaitu eta gero, ez da berriz bertso eskola ofizialik egon, baina azken bertso eskolako kideak talde moduan jarraitu dugu elkartzen", dio. Eta horrelaxe jaio zen Antzuolan, Sasibertsolaixak izeneko taldea. "Gure kontura elkartu izan gara, bai bertso saioetara joateko, bertsotan egiteko edo bertsoekin zerikusia duen edozer gauza konpartitzeko". 

Bertso eskola abian 

Orokorrean Antzuolan badagoela bertso zaletasuna eta jendeak gustura entzuten dituela egiten diren saio edo bertso-afariak azaldu digu Letek. "Gazte edo umeen kasuan, gehienetan zaletasuna etxean jaso ohi dute. Horregatik iruditzen zaigu interesgarria umeek beraien zaletasuna beste batzuekin konpartitu eta bertsoa beste eremu batzutan jorratzea", gaineratu digu.

Interesa dutenek otsailaren 20ra arte du izena emateko epea.Udaletxean edo 676 78 66 49 telefonora deitu behar da. Astean behin elkartuko dira, 19:00etatik 20:00etara, Olaranen. "Egingo ditugun ariketak izena ematen duten pertsonen arabera moldatuko ditugu, jende denak ez baitu bertsolaritzaren jakintza edo maila berdina. Hortaz, bakoitzaren maila ez da oztopo izango.Errimak eta doinuak landuko ditugu jolasen bidez, bertso zaharrak ikasiko ditugu, eta nola ez; bakoitzak bere mailan bertsotan egiteko aukera izango du. Garrantzitsua da bertso eskola, bertsolaritza familiartean ikasi arren, lagun arte zabalagoan disfrutatzeko aukera ematen du-eta".

-----------------

Sasibertsolaixak: lagun artean jaioa

"Azken urteetan lagun talde bat baino ez da izan Sasibertsolaixak taldea; ahal dugun heinean, bertsoarekin erlazioa duten herriko ekintzetan parte hartu eta laguntzen saiatzen gara. Azken urteetan San Isidrotan egin ohi den saioa prestatzen lagundu dugu, bertsolariak aurkitu, gaiak jarri, etab. Garrantzitsua da gaiak herriko talde batek prestatzea, bertsolariei herriarekiko gertukotasuna errazago transmititzen zaie-eta", azaldu digute Sasibertsolaixek. 2011n, Antzuolako Sasibertsolaixak Bertso Eskolakoek egin zuten Gpuntuko abestiaren letra. 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sintonia, aldiz, Elkano Browning Cream taldeak jarri zion. Eta abestia ardatz hartuta letra berriak sortzeko lehiaketa deitu zuten Gipuzkoako Bertso Eskola guztien artean. Antzuolako bertsolariak izan ziren garaile. Gari abeslariak biribildu zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sintonia bere ahotsarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak