Iritsi da Debagoieneko Kirol Txartela herriko gimnasiora

Maider Arregi 2013ko otsailaren 4a

Aurten,  Debagoieneko Kirol Txartela –DKT–a ateratzen duen edozein antzuolarrek, Antzuolako Udal Gimnasioan sartzeko aukera izango du. Horrela Oñati, Bergara, Arrasate eta Eskoriatzako instalazioak erabili ahal izango dira eta aurten lehenengo aldiz, baita  Antzuolako gimnasioa ere.


Debagoieneko txartela, erabiltzaileak gehien erabiltzen duen instalazioetan tramitatzea gomendatzen da eta txartel horrekin gero Antzuolako Gimnasiotik pasatzea. Bertan, urte osoko bazkidetza 39 euroren truk lortu ahal izango da. Hau da, DKT-ko antzuolar txarteldun bakoitzak (soilik antzuolarrek), 39 euro ordaindu beharko du Antzuolako Gimnasioko urteko bazkidetza lortu ahal izateko. Hori egindakoan, Antzuola, Bergara, Arrasate, Oñati eta Eskoriatzako kirol instalazio eta igerilekuak erabili ahal izango dira.

Aipatu beharrekoa da, DKT-a interesatzen ez zaien Antzuolako Gimnasioko abonatuek deskontu haundia jasoko dutela urteko kuotan ere.

"Duela urte batzuetatik Debagoieneko Mankomunitatean, beren herrietako kirol instalazioetan sartzeko txartel amankomun bat dugu nahiz eta Antzuolako instalazioak hortik kanpo egon. Legealdia hasi genuenetik antzuolarrak bertan sartu eta mankomunitateko beste edozein herritarren baldintza berdinez gozatzeko aukera lortzea izan nahi dugu. Lanean jarri eta aurrez genituen desabaintailak aldatu genituen –besteak beste, txartela non tramitatzearen arabera prezio ezberdinak izatea–. Beti ere beste udalerrietako tekniko eta politikoen konpromiso eta laguntzarekin", azaldu digute Kirol sailetik.

"Arazoa baina, Antzuolako Udal Gimnasioa Debagoieneko Kirol Txartelean (DKT) sartzeko saiakeran etorri zen. Herriak igerilekurik ez izatean hainbat herrik jarritako baldintza ekonomiko-teknikoak antzuolarentzat jasan ezinak ziren eta hor izan ditugu desadostasunak. Hala ere, Antzuolako Udaletik tinko defendatu dugu ideia hori eta herrian antolatu zen Parte Hartze prozesuan ere hainbat herritarrek gure hasierako asmoarekin bat egin zutela ikusirik beste irtenbide batzuk jorratzea erabaki genuen. Horrela,  Udalak Egoitek enpresarekin aldebakartasunez lan egitea erabaki zuen. Herritik herriarentzako irtenbide bat emanez baina Mankomunitatera zabalduz", gaineratu dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak