Oinarin dantza taldeak kalera aterako duen Sorgin Dantzarekin batera, Antzuolako Aratuste festa berezia egiten duten pertsonaiak kalera irtengo dira: Hartza, Hezitzailea eta Tximinoa, hain justu ere.
"Eremu zabal batentzako egitaraua prestatu dugu; izan ere, umeak ere dantza egiten dute helduek bezala", azaldu digu Eider Mendia Oinarin taldeko kieak. Ehunetik gora herritar batuko ditu aurtengoan ere Aratusteetako hitzorduak. 54 haur inguru ikusiko ditugu dantzan. Sorgin Dantza egiten, aldiz, herriko 14 dantzari ikusiko ditugu.
Bigarren dantza taldean, ordea, 20 eta 24 lagun inguru arituko dira. Eta Musikariei dagokienez, bi talde ibiliko dira dantzariei lagun eginez herriko kaleetan barrena. "Herriko koadrilak ere mozorrotzera animatzen dira eta giro bikaina eta koloretsua bermatua dago", dio.
Indarra hartzen ari den eguna dela azpimarratu digu Mendiak. "Herri mailan askoz jende gehiago mozorrotzen da eta eguna indartu egin da. Bazkaria egiten dute koadrilek; sekulako jai giroa sortzen da herrian". Hala, goizeko hamarrak aldera irtengo dira kalera dantzariak: talde bat, Sorgin Dantza eginez, Hartzarekin, Tximinoarekin eta Hezitzailearekin batera Kalegoi aldera joango da. Beste dantza taldea, berriz, Aratuste giroko dantzak eginez, Kalebarren aldera joango da.
Hala, guztiek herriko kale guztietan dantza egin ostean, elkartu egingo dira salda beroa hartzeko eta sabela berotzeko. 12:30ak inguruan Herriko Plazan. Han, dantzari txikiekin batera bilduko dira. Talde bakoitzak dantza ezberdinak dantzatuko ditu. Festari bukaera borobila aldiz, Sorgin Dantzak emango dio.
Txikitxoak ere mozorrotuta
Otsailaren 8an, barikuan, 16:00etan, eskolako patioan Txokolate eta torrada jana egingo dute.
Gero, 17:30ean Korri, Xalto eta Brinko pailazoak, Torresoroan izango dira gaztetxoen zain.
Gaztetxeko egitaraua
Otsailaren 8an, 19:00etan poteo musikatua eta
21:30ean afaria antolatu dute. Mozorrotuta joateko gonbidapena egin dute. Ondoren Playback saioa egingo dute.
Erretiratuen festa
Aratuste martitzena
Urteroko festa egingo dute herriko erretiratuek. 17:00etan, merienda eta kina egingo da. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute otsailaren 5ean eta 6an, 16:00etatik 18:00etara. Pertsonako 4 euro kobratuko da. Mozorrotuta joateko deia ere egin nahi izan dute.