Antzuolako Udalak aurkeztu ditu herritarrekin egindako aurtengo aurrekontuak

Maider Arregi 2013ko urtarrilaren 16a

Aurtengo aurrekontua 2.897.711 eurokoa da; iaz baino 400 mila euro inguru gehiago –iaz 2.494.453 euro–. Izan ere, inbertsioetarako apustu gogorra egin gura du Udalak 2013an. Hala, inbertsioetarako, 416.386 euro bideratuko dira. Helburua, baina, egindako inbertsioen kalitatea mantentzea dela azaldu digu Mikel Jauregi Ogasuneko zinegotziak. "Aberasgarria eta lagungarria" izan dela prozesua ere azpimarratu dute.

Aurten, zergek KPI-aren igoera izango dute, %2,8. Ima Begiristain alkateak azpimarratu du, gastuak igo egin direla zergak eta BEZ-a ere igo egin direlako.
Gastuei dagokienez, esan, pertsonal gastuendako 703.610 euro bideratuko direla eta ondasun arruntak erosteko 873.626 euro. Ondasun arrunten barruan, argiteria, udaleko ekipamendua eta material informatikoak daude, besteak beste. "Aurten udaletxean ordenagailuak jarri nahi ditugu", azaldu nahi izan du Ima Beristainek.

Egiteko diren lanak

Aurtengo egitasmoen artean, eskola handitzea –aurrefabrikatutako behin behineko moduluekin–, irisgarritasun plana –150.000 euroko diru partida– bideratzea, hau da herriko trabak eta espaloiak berdintzean, baserriko ur-sarea handitzea, San Joseko pareta konpontzea edota Armarria aldatzeko azken fasea gauzatzea daude, beste askoren artean.
Lanean dihardute ere autobusa herritik kanporatzeko –140.000 euroko partida– eta biomasa proiektua –50.000 euroko partida– aurrera ateratzeko. Azken honek, propanoari alternatiba bilatu gura dio eta faktura erdira jaitsi. Horretarako, Hirigintzak 746 mila euro ditu.


Parte-hartze prozesuak ere eman ditu fruituak eta herritarrek eskatutakoari ere eman gura izan dio erantzuna Udalak. Horren eredua da esaterako, gazteendako skate parkea egitea. Horretarako 15.000 euro bideratuko ditu Udalak. "Oraindik aztertzen ari gara; izan ere, zarata ekidin nahi dugu eta leku egokia bilatu behar zaio skate parkeari", gaineratu du alkateak.

Parte-hartze prozesua

Parte-hartze prozesua, herritarren eta Udalaren arteko zubia eraikitzeko beharrezkoa dela azaldu dute. "Aurrekontuak egiterako orduan oso aberasgarria eta lagungarria izan da burututako parte-hartze prozesua. Ohartzen ez ginen gauza askori erantzuteko balio izan digu-eta", azaldu du Udalak aurkezpenean.
Gai askorekin bat etorri dira herritarrak eta Udala: eskola handitzea, herriko kultura eta sortzaileak bultzatzea, trafikoa egokitzeko plana burutzeaz, bidegorria egiteaz, irisgarritasun planaz, energia aurrezteko planarekin, kiroldegiko txartel mankomunatua aurrera ateratzeaz...
Aurrekontu proposamena, datorren osoko bilkuran onartuko du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak