Egindako lanarekin gustura ikusi dugu musikari eta konposatzailea. "Kasualitatea izan da. Ez nuen lehiaketa ezagutzen baina zuzenekoetara bueltatu gura nuen; eta nire talde propioa osatu. Lehiaketa hau aukera ezin hobea izan da". "Finalera heldu ginen eta lan ona egin genuen arren, ez genuen saririk eskuratu. Baina sekulako esperientzia bizi izan dugu; finala oso borrokatua izan zen eta oso ondo egon zen. Aberasgarria izan da benetan".
Rocka, heavya… gitarra riff gogorrak ditu gustuko Luquek. Maila ezin hobearekin topo egin duela lehiaketan azaldu digu. Italia, Frantzia edota Ingalaterrako parte-hartzaileak izan dira La Pua de Oro-ren laugarren edizioan. Antolakuntzaren arabera inoiz egon den final onena izan da. "Maila benetan oso ona egon da. Rock indartsuaren tendentzia izan da nagusi, Satriani asko. Blues-etik gorako maila ere ezin hobea izan da".
PLC proiektua, abian
Orain, lehiaketari esker, taldea osatu berri du Luquek: bere inizialak daramatza PLC proiektuak. "Laguntza bila ere banabil eta hala, Ibanez gitarrak eta Steve Clayton markako puak erabiltzen ditut". Dagoeneko hasiak dira lehen entseguak egiten. Guztiak eskarmentudun musikariak eta talde ezagunetan ibiliak: Aitor Alberdi, Txuster, bateria-jotzailea –90eko hamarkadatik talde askoan ibilia–, Esteban Mulas gitarra-jotzailea –Ekon, Abbadom, Versus eta egun, Denial taldeko kidea– eta Haritz Uriarte, Txarra, baxuak –Under The Gun– osatzen dute. "Hasi gara pixkanaka eginda nituen zenbait abesti lantzen eta berriak konposatzen. Aspaldian konposatutakoak, eta zuzenean inoiz jo gabeak dira gehienak. Hala, zuzenean atera nahi dugun materialaren aukeraketa egin eta horretan gabiltza". Helburua beteta, taldearekin abesti berriak egin eta agertokietara berriro bueltatzea gura du Luquek. Laster batean, lehen lana grabatu eta kalean izatea.