'Euskarazetamol' antzezlanaz disfrutatzeko aukera urtarrilean

Maider Arregi 2012ko abenduaren 27a

Barre algara bermatua dago Euskarazetamol antzezlanarekin. Mikel Martinez eta Patxo Telleria dira umorez jantzitako lanaren aktoreak. Urtarrilaren 11n, barikuan, Torresoroan izango duzue ikusgai, 22:00etan hasita.

Telleria eta Martinez aktoreek Ez dok hiru Bikoteatroa osatzen dute eta hain zuzen ere, antzezlan hau da Dibertimenduak izenez bataiatu zuten trilogiaren azken ekoizpena. Euskera Sencilloaren Manifiestoa eta Larruaizetara lanetan bezala, Patxo Telleria eta Mikel Martinezen trufarako motiboa –eta antzerkirako tresna– euskara bera izango da. "Aurreko bi ikuskizunak publikoaren gustukoak izan direnez (honek ez du publikoaren gustua toki onean ipintzen, baina tira, zer egingo diogu) beldur ginen azkenengo honekin espektatibak beteko ez ote genituzkeen, badakizue publikoa ze tikismikisa den kalitatearen kontu horrekin. Bi aukera genituen: gure talentuaz fidatzea ala dopajeaz baliatzea. Azkenean zentzu ona gailendu zen, eta pilulak aukeratu genituen. Baina ez kezkatu, kontrolatzen dugu. Guk, hau, nahi dugunean uzten dugu. Eta primeran ari gara, topera, flipatzen. Ikusiko duzue zer egiteko gai garen gure hizkuntzarekin jarrita gaudenean", diote. Hala supereuskalduna izateko formularen bila jardungo dute urtarrilaren 11n, 22:00etan hasita Torresoroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak