Lehen faseko lanak bukatuta, San Josepeko errepidea zabalik dago

Maider Arregi 2012ko abenduaren 18a

Urgentziazko lehenengo lana errepidea ixtea izan zela azaldu digu Valen Monux Hirigintza teknikariak. "Harria erori zen, baina sasi artean ez genuenez ezer ikusten, ez genekien ze egoeratan zegoen ingurua eta zenbateraino zen larria; balorazioa ezin genuen egin eta errepidea itxi genuen abenduaren 1ean". Abenduaren 3an, astelehenean, baina, eskalatzaileen laguntzarekin aztertu eta lokalizatu zuten harria nondik erori zen. "Ondoren, errepide hau egiten eta egonkortzen ibili zen geologoak etorri ziren; baita obra egin zuen geologia enpresa ere. Balorazio azkarra egin zuten eta itxita mantentzeko erabakia hartu zen ingurua oso ezegonkorra zegoelako".

Txosten geologikoa

Behin geologia enpresak txosten geologikoa eginda, aurrekontua ere egin du. Lanak bi fasetan egin behar direla  ikusi dute. Orain behin betiko lana zein izango den erabakitzen dihardu Udalak. Bi fasetan egin beharreko lana da: lehenengo lana urgentziazko egonkortze lana eginda dago, errepidea zabaltzekoa alegia. Sasiak kendu dira eta hormigoia –gunitatua– proiektatu da.

"Errepidea zabalik dago eta hilabete batzuetarako segurtasuna bermatuta dago", azaldu digu Valen Monuxek, Hirigintza teknikariak. "Baina ez da behin betiko irtenbidea. Hiru aukera ditugu irtenbide gisa baina ondo aztertu behar ditugu. Ondo baloratu behar da soluzioa, obra handia da eta gainera prezio ona lortu nahi dugu". Behin betiko lanak egiteko, esan modan, hiru aukera daude: lehena, harri tontorrak kentzea edo, jauzi araztea; bigarrena da harri horiek sare batzuen bidez eustea. Eta hirugarren posibilitatea litzateke hormigoi gunitatu kapa handiagoa botatzea. "Alternatiba denak garestiak dira, denbora behar dugu teknika onak aztertzeko eta prezio ona aukeratzeko", gaineratu digu Monuxek.

Auzolana ingurua txukuntzeko

Zapatuan, 09:00etan, San Josepe ingurua auzolanean txukuntzeko deia egin du Udalak. Izan ere, Olentzero San Josepe bidetik pasatzen da ume eta ume ez direnei opariak eta ikatza banatzeko. Urtero sekulako harrera egiten zaio. Horregatik, Olentzerori bidea garbitzeko asmoz, auzolanerako deialdia egin die Udalak herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak