50 gaztetxo zuzenean
"Gaur egun Antzuolako 50 ikasle inguru ari dira musika ikasten, hainbat instrumentu jotzen dituzte gainera", azaldu digu Marije Ugaldek, Bergarako Musika eskolako zuzendariak. Horiek guztiak, agertokian ikusiko ditugu beraz asteleheneko emanaldian. "Gitarra, pianoa, biolina, akordeoia, txistua, txeloa, tronboia, tuba, alboka eta abeslariak entzuteko aukera izango da. Egitarau oparoa prestatu dugu", gaineratu digu Ugaldek.
Askotariko doinuak
Nagore Sanzek egingo ditu zuzendari eta gidari lanak Gabonetako kontzertuan. Eta egitarauan askotariko Gabonetako kantuak daude; guztiak oso ezagunak eta herrikoiak; ikuslea dantzan eta kantuan jarriko dutenak zalantza gabe. Besteak beste, Hator hator edo Mundu berri bat nahi nuke moduko kantuak abestuko dituzte ahots teknikako eta hizkuntza musikaleko ikasle gazteek.
Baina aurretik, etorriko dira musika instrumentuen erakustaldia egingo duten zuzenekoak –piano, biolin, gitarra, akordeoia eta txistuaz lagunduta–: Biribilketa, Izartxo bat, Bi doinu, Lantzeko Ihauteriak...
Baina, nola ez, ingelesezko bertsio ezagunekin ere animatu dira eta ziur dantzan jarriko dituztela gurasoak eta bertaratzen diren senide zein lagunak ondorengo doinuekin: Gavotte, Little brown jug, Calypso joe...
Hau guztia, astelehenean, 18:30ean hasita Torresoroan.