Uzarraga, bizirik mantentzeko lanean

Maider Arregi 2012ko abenduaren 11

Abenduaren 20an, Olaran etxean, Uzarragaren egoera eta plangintza aurkeztuko dute Uzarraga Bizirik taldeko kideek. "Zer egin eta nola jokatu azaltzeko bilera bat egitea beharrezkoa ikusten dugu. Antzuola osoaren inplikazioa lortzeko denon indarra eta ahalegina beharrezkoak izango direlako Uzarraga bizirik mantentzeko", nabarmendu du Jose Mari Iturbe taldeko kideak.

 
Antzuolaren sorrera ezin da ulertu Uzarraga aipatu barik. Aho tradizioari nahiz hainbat idatziri kasu eginez gero, eliza tenplarioek eraikitakoa da. 1625ean Lope de Isastik idatzi zuenez, elizako atean San Joan ordenako intsignia zegoen, tenplarioek erabiltzen zutena. Baina gaur egun ez dago horien aztarnarik, lurren mugimenduagatik berritu behar izan baitzuten eliza.


Uzarragak garrantzi handia izan zuen garai batean. Esaten denez, bertako hilerrian lurperatzen zituzten bailarako ospetsuak. Liburu batzuetan agertzen denez, Bergarako Ozaeta jauregiko jaunak Uzarragako hilerrian lurperatzea eskatu zuen 1484an. "Uzarraga bizirik mantentzeko kide berriak egin nahi ditugu. Gure helburua Antzuolan jatorria izan zen Uzarragako eliza, eskola, kanposantua eta ingurua zutik mantentzea da", azaldu digu Jose Mari Iturbe Uzarraga Bizirik taldeko kideak.

"Uzarraga eta bere historia auzotarrentzat eta antzuolarrentzat erreferente nabarmenak dira. Egungo egoera ikusirik, azken urteetako zainketa faltak eta azken egunetako desegite lanek bultzatu gaituzte eskaera egitera", azaldu digu Iturbek. Izan ere, eliz atearen jabea, Gotzaindegia da. "Eliz elkarteak eliza itxi eta bertatik baliozko elementuak atera ondoren Uzarragaren egoera hondamendiaren bidean doa, honen aurrean etsipena nagusi den arren guk uste dugu zerbait egin daitekeela; bertako elementu batzuk zutik mantentzea posible da. Eliz barrutiko arduradunekin harremanetan gaude, baina erantzuna ez den arren oso baikorra, ateak ez daude guztiz itxita", gaineratu dute Uzarraga Bizirik taldeko kideek.
Uzarraga, Gipuzkoako eliz ate zaharrenetarikoa dugu eta auzotarrek, penaz ikusten dute hondatzen auzoaren eta Antzuolaren historian horrelako zeresana izan duen lekua.

Aurkezpena, hilaren 20an

Olaranen, eguenean, 19:00etan egingo dute aurkezpena. Bertan, Uzarrargaren historia labur azaldu eta, egungo egoera eta plangintza zein den azalduko dute Uzarraga Bizirik taldekoek.
"Zer egin eta nola jokatu azaltzeko bilera bat egitea beharrezkoa ikusten dugu. Antzuola osoaren inplikazioa lortzeko denon indarra eta ahalegina beharrezkoak izango direlako Uzarraga bizirik mantentzeko", nabarmendu dute taldeko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak