Miren Zeziaga: "Alokairua indartzea da Bizigune programaren helburua"

Maider Arregi 2012ko azaroaren 19a

Miren Zeziaga Suradesako Debagoieneko teknikaria da. Antzuolan astelehenetan eskaintzen du zerbitzua, 10:30etik 11:30era. Zeziagarekin hitz egin dugu, bereziki Antzuolan abiatu berri duten Bizigune programaren gainean.

Zer da Suradesa? 

Herri ezberdinetan etxebizitzaren inguruan sortu den enpresa da. Hasieran, gure zeregina, alde zaharretako etxeen birgaitzea ematean, guk dirulaguntzak kudeatzen genituen eta bizilagunen eta administrazioaren arteko bitartekari lanak egiten genituen. Baina bizigune programarekin handitzen joan zen gure zeregina. Hala, etxejabeen eta administrazioaren arteko hartu-emanean eta tramitazioetan laguntzen hasi ginen.

Birgaitzearekin abiatu zineten?

Uztail bukaeran, biziberritzeko programa jarri genuen abian. Oso programa espezifikoa da. Arrasaten, esaterako, Makatzena auzoa dago programa horren barruan. Irisgarritasun eta isolamendu lan handia egin da auzo horretan. Atari guztiak egin behar du aurrera plan honekin. Baina orain, krisiak horren gogor jo duenean, pixka bat gelditu egin dira biziberritze proiektuak.

Bizigunek indarra du berriro.

EAEn hutsik dauden etxebizitzak ateratzeko eta merkatu librean etxebizitza bat eskuratzeko behar beste diru ez duten pertsonen esku jartzeko Bizigune programa abiatu genuen. Antzuolan orain arte ez da eskaerarik izan, baina orain bagabiltza tramitatzen eskaera bat. Izan ere, herri txikietan murrizketa egin zen eta Antzuola moduko herri txikiak Bizigunetik kanpo geratu ziren. Orain, baina, eskaera badugunez, programa abian jarri dugu berriro Antzuolan. Etxebiden izena eman duten 24 lagunek Antzuola aukeratu dute etxebizitza izateko lehen aukera gisa. 

Etxebiden oinarriak aldatu dira.

Urtarrilaren 2tik aurrera Etxebiden izena emateko aukeratu egin beharko da. Hau da, alokatzeko edo erosteko, bi aukeren artean aukeratu beharko dute herritarrek. Izena emateko prozedura erraztu nahi dute. Etxebidek babes ofizialeko etxeak salgai ditu eta poltsa bat osatu du; hala, erosteko eskaria egiten dutenak poltsa horretara bideratuko dituzte. Eta Etxebiden izen ematen dutenek bi urterako egingo dute.  

Hutsik dauden etxebizitzek errekargua izango dute. 

Foru Ogasunaren araudia aldatu egin da eta errekargua jarriko die Udalek hutsik dauden etxebizitzei. Antzuolak %100eko errekargua jarriko die. Horregatik, garrantzitsua da etxebizitza hutsa alokairuan jartzea edo Bizigune programan izatea. Hala, errekargurik ez du-eta izango etxe horrek. Alokairua indartzea da Biziguneren helburua. 

Etxebizitza hutsa zer da? 

Inor erroldatuta ez dagoen etxea. Frogatu egin behar da bederatzi hilabetean hutsik egon dela. Horretarako, kontsumoen fakturak erakutsi beharko dira. Jakinarazi nahi dugu zerbitzu hau berriro abian dela eta astelehenero Antzuolan gaudela; aste barruan, aldiz, Arrasaten. Jendea animatu nahi dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak