Herriko zergak %3 igotzea onartu du Antzuolako Udalbatzak

Maider Arregi 2012ko azaroaren 7a

Hilaren 6ko, martitzeneko, osoko bilkuran onartu ditu Antzuolako udalbatzak 2013ko tasa orokorren  igoera –Bilduren aldeko lau botorekin eta EAJ-ko bi zinegotzien abstentzioarekin eta PSE-EE alderdiko zinegotziaren abstentzioekin onartu dira 2013ko ordenantza fiskalak–.

Hala, Udalak herritarrei kobratzen dizkien tasak eta zergak %3ko igoera izango dute. "EAEn %3,1a igoko dela KPI orokorra aurreikusi dugulako hartu dugu igoera horren erabakia; irailean eta urrian asko igo da-eta gainera", azaldu digu Ima Beristain Antzuolako alkateak. 

Zaborren gaineko zerga, igoera izango dutenen artean aurkitzen da. EAJ alderdiak ordea, desadostasuna agertu du erabaki honen aurrean. "Mankomunitateak hainbat txosten egin behar izan ditu orain artean eta jakin beharko luke ze kostu izango duen; eta Antzuolako kasuan are gehiago, atez atekoa orain bi urte jarri zelako martxan. Ez dugu ulertzen Antzuolan nola utzi daitekeen atea zabalik; hemendik hiru hilabeteetara, akaso, berriz aldatuko da eta tasa hori", nabarmendu du Maria Eugenia Arrizabalaga zinegotzi jeltzaleak.

Bilduko zinegotziek azaldu dute, zerbitzu horren kostua handiagoa izango dela, baina kostu erreala ez dela Mankomunitateak zerbitzua esleitzen duen arte ezagutuko.

Alkateak, bestetik azpimarratu gura izan du, hobariak izango dituztela autokonposta egiten duten herritarrek. "Zerga honi dagokionean 2013an %25eko deskontua izango dute autokonposta egiten duten herritarrek. Baserritarrek ere hobari bera izango dute ekarpen gunera eramateagatik", zehaztu gura izan du.

Eztabaida sortu du baita ere etxebizitza hutsen %100eko errekarguak. "Orain arte 100 ordaintzen dutenek, hemendik aurrera 200 ordaindu beharko dute. Helburua bada etxebizitza hutsak merkatura ateratzean, ez dugu uste errekargu horren bitartez lortuko denik. Luxuzko zerga dela uste dugu eta kasuistika nahiko injustua dela uste dugu", esan du Arrizabalagak.

Bilduk aldiz, helburua, baina, Antzuolan dauden etxebizitza eskaerei erantzuna ematea eta alokairua bultzatzea dela azaldu du. "Bizigune programan, etxebizitza bat bakarrik dago. Horregatik errekargua erroldatu gabeko etxebizitza hutsei soilik jarriko diegu. Alokairua sustatu nahi dugu-eta modu honetan".

Hala, 2013ko tasa orokorren %3ko igoera Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epeaz, alegazioak aurkezteko aukera egongo da.

Sozialistaren desadostasuna

Aipatu, Karlos Urrestarazu sozialistak abstentzioaren aldeko botoa eman duela euskararen normalizaziorako legea urratzen dela argudiatuta.

"Aldibereko itzulpena izatea osoko bilkuran eta txosten guztiak euskaraz eta gazteleraz jasotzea, bi hizkuntzatan alegia, derrigorrezkoa da; legea urratzen ari zarete", esan du Karlos Urrestarazu sozialistak.
Hurrengo osokoetarako, hala, eskaera horixe egin die Udal Batzako gainontzeko kideei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak