Gurasoen eta umeen artean erabakitako jolas-parkea abian da

Maider Arregi 2012ko urriaren 16a

Astelehenean, urriaren 22an, hasiko dituzte eskola aurreko jolas-parke berria egiteko lanak; aurreikusitakoaren arabera, azaroaren 2an amaituko dira. Prozesu parte-hartzailearen bitartez egin da jolas-parkea osatuko duten jolasen aukeraketa. Eskolako umeek zein gurasoek zazpi proiekturen artean bat aukeratu dute. Egingo diren lanen berri ematen duten bi panel jarri dituzte jolas-parkearen gunean.

Astelehenean egiten hasiko diren jolas-parkearen proiektuak bide berezia jarraitu du; izan ere, erabakia Udalarena soilik izan barik, umeen eta gurasoen esku laga nahi izan du jolas-parkea osatuko duten jolasen aukeraketa. Iñaki Yarza Hirigintza Batzordeko buruak azaldu duenez, "geneukan aurrekontuaren arabera, hainbat enpresari eskatu genien eskola aurrerako jolas-parkea egiteko proposamenak aurkez zitzatela eta zazpi proiektu jaso genituen".

Horien artean bat aukeratu beharra zegoen eta, alde batetik, eskolako umeek izan zuten euren iritzia azaltzeko eta aukeraketa egiteko aukera; horretarako ezinbestekoa izan da Herri Ikastetxearen laguntza ere. Gelaz gela, proiektuak ikusi, eztabaidatu eta bozkatu egin zituzten. Bestalde, eskolako sarreran jarri zituzten ikusgai proiektuok eta deialdia egin zien Udalak guraso eta umeei, hamar egunen buruan, urriaren 2an, eskolako sarreran bertan elkartu eta denen artean proiektu bat aukeratzeko.
"Jolas-parkearen protagonistak umeak dira eta, haiekin batera, baita gurasoak ere; horregatik, aukeraketan parte hartzeko aukera eman nahi izan diegu", azaldu du Yarzak. Hala, urrats bat gehiago eman du Antzuolako Udalak prozesu parte-hartzaileen aldeko apustuan.


Panel informatiboa
Bestalde, eta gardentasunari eta jendeari informazio osoa ematearen aldeko apustua eginez, bi panel informatibo ditu Udalak jolas-parkearen eremuan bertan. Panel horietan proiektuaren planoa edo marrazkiaz gain, proiektuari buruzko xehetasunak azaltzen zaizkie herritarrei: lanak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, aurrekontua, finantzazioa, enpresa esleipenduna, jolasen neurriak eta ezaugarriak eta abar. Udalaren asmoa da herrian obra, lan edo proiektu garrantzitsuren bat dagoenean, tokian bertan panel horiek jartzea, jendeari informazio ahalik eta zabalena, zehatzena eta zuzenena emateko helburuarekin, hain zuzen ere.


Zazpigarren aukera
Guraso eta umeekin egindako bileran eta bozketan, zazpigarren aukeraren alde egin zuten gehienek; eta horixe izango da jarriko duten jolas-parkea. 25.000 euroko aurrekontuarekin, 24.412,43 eurotan esleitu zaio Gasteizko YOR enpresari. Goitik behera berrituko dute jolas-parkea, lurzoru zaharra aprobetxatuz eta azalera nabarmen handituz. Udalak finantzatuko du %100ean, horretarako gordeta zeukan partidarekin.


Auzo-lana, bertan behera
Zapatuan, hauteskunde hausnarketa eguna errespetatu nahi dela-eta, jolas-parkea txukuntzeko auzo-lanerako deialdia bertan behera geratu dela azaldu du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak