Emaitzak ez du kantxan ikusitakoa islatu; une erabakiorretan egin zuen kale Antzuolako pilotariak. Adibidez, hiru tantora gerturatu zenean (15-12) pasa egin zuen Mendizabalek, eta aurretik ere sake bat motz geratu zitzaion. Une horietan asmatu izan balu partidu amaierara arte aukerekin helduko zen, baina ez zen bere eguna izan. Era berean, baina, Iker Arretxek hasieratik erakutsi zuen faborito zela, Aitorrendako oso arerio gogorra.
Izan ere, pilotari nafarrak ez zion utzi Aitorri bere jokoa egiten. Deseroso, lekuz kanpo aritu zen oro har eta horrek eramatekoak ziren pilota batzuk galtzera eraman zuen Mendizabal.
Oso erritmo biziarekin hasi zen partidua, tanto ederrak ikusteko aukera izan zen. Hiruna berdinduta zeudela hasi zen Arretxe II.a markagailuan aldentzen. Bost tanto egin zituen segidan (8-3) eta hortik amaierara arte aurretik joan zen (10-6/14-7/15-12/18-13/22-13).