Aitor Mendizabal: "Oso zaila da zortzi aukeratuen artean egotea, aprobetxatzeko aukera da hau"

Xabier Urtzelai 2012ko urriaren 11

Aitor Mendizabalek (Antzuola, 1989) domekan izango du, profesional mailan debuta egin zuenetik, onenekin lehiatzeko aukera. Pilotalekuetako fokuek argi berezia ematen dute Buruz Burukoan, Eskuz Binakakoan eta Lau t'erdikoan, horiek dira hiru torneo handiak, eta horietako batean debuta egingo du antzuolarrak. Txapelketarako bereziki prestatu da, baina domekan kontrario gogorra izango du aurrean, Arretxe II.a.

Zer moduz zaude domekako partidura begira?
Ondo, partiduaren eguna iristeko deseatzen. Denbora dezente daramat txapelketa bereziki prestatzen, azken asteotan entrenamendu saio onak egin ditut, eta partiduetan ere nahiko txukun ibili naiz. Azken boladan eskuek errespetatu egin naute, ez dut arazorik izan ezta lesiorik ere, eta hori oso garrantzitsua da kirolariondako.

Iaz bigarren mailako Lau t'erdikoa irabazita lortu zenuen aurtengo txapelketarako txartela. Aprobetxatzeko aukerak dira horiek.
Duda barik. Txapelketa horietan ez dago denondako lekua, enpresa bakoitzak zortzi pilotari aukeratzen ditu, eta zortzi aukeratu horien artean egotea oso-oso zaila da, konpetentzia handia dagoelako pilotarion artean. Lehenengoan kanpora joanez gero inor ez da zutaz akordatzen, baina partidu pare bat irabazi eta norberak bere burua erakustea garrantzitsua izango litzateke.

Ze helbururekin hasiko duzu txapelketa hau?
Partiduz partidu joan nahi dut, lehenengoa Arretxeren kontra daukat eta badakit oso kontrario gogorra dela. Asko jokatzen du, baina partidua irabazteko aukerak baditudala uste dut. Lehenengo domekakoa irabazi behar dut, eta ondorengoa etorriko da.

Ez dakit zuk nahiko zenukeen kontrarioa den.
Beno, lehenengo zozketan kontrario posible asko zeuden: Gonzalez, Asier Olaizola... Guztiek jokatzen dute mordoa, hortan...

Zelako pilotaria da Arretxe II.a?
Gogorra. Teknikoki oso pilotari ona da. Pilotari ez dio beste batzuek ematen dioten abiadura ematen, eta kontrarioari jokatzen uzten dion horietakoa da. Hori bai, hari tantoa egitea oso zaila da, partidua irabazteko norberak jokatu behar du ondo, ez duelako oparirik egiten. Eraman, eta eraman, eta eraman... Hark berea jokatzen du beti.

Astelenan izango da partidua.
Urtean zehar partidu mordoa jokatu ditut han, eta dagoeneko ohituta nago pilotaleku horretan jokatzera. Egia da, aukeran, nahiago nukeela pilotaleku biziagoa, Gasteizko Ogeta edo Logroñokoa, esaterako. Baina, bestela ere oso pilotaleku polita da.

Gauza bat du ona, etxetik oso gertu dagoela, eta Antzuolako zale asko gerturatuko dela.
Bai, seguru. Orain arte jende asko etorri da partiduak ikustera, animatzera, eta espero dut domekan ere hala izatea.

Zein da txapelerako faborito?
Asko daude. Gainera, aurten final-laurdenetan ligaxka jokatuko dute eta horrek esan nahi du erregularrak direnek egingo dutela aurrera. Hor ibiliko dira betikoak, Xala, Irujo, Olaizola... Eta Bengoetxea ere izan daiteke.

Eta nor dago sorpresa emateko moduan?
Hasieran esatea zaila da, baina badira indartsu dauden pilotariak. Idoatek, esaterako, bi partidu on jokatu ditu asteburuan, eta kontutan hartzekoa izango da.

Urte pasatxo daramatzazu profesional moduan. Zer moduz?
Oso ondo. Hasi eta berehala irabazi nuen bigarren mailako Lau t'erdikoa, eta sorpresa izan zen, nik ere ez nuen halakorik espero. Eta urtebete pasa ondoren aukera polit hau daukat, eta ea aprobetxatzen dugun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak