Antzuolako Gaztetxea, berriz ere martxan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urr. 6a, 18:36

Plater konbinatuen lehiaketa egin dute gaur goizean Antzuolako Gaztetxe aurrean; ondoren, paella eta oilaskoa izan dute menu moduan bazkarian, eta arratsalderako ume jolasak eta herri kirolak espero dituzte, gauean berriz, kontzertuak.

Antzuolako gaztetxe berriak ireki ditu ateak lehen anbulatorioa zegoen eraikinean. Eguaztenean Ziztadak dokumentala eskainiz jarri zen martxan. Atzo parodia, pintxo-pote eta kontzertu akustikoa egin zituzten, eta gaur, zapatua, plater konbinatuen lehiaketa burutu dute goizean, ondoren, gaztetxe alboko aire libreko frontoian 110 lagunek bazkaria egin dute.

Inaugurazio egitarauaren baitan, gaur arratsaldeko ume jolasak (16:30), herri kirolak (18:00), elektrotxaranga eta luntxa (19:30) eta rock kontzertuak daude. Gaztetxeko eszenatokira igoko dira Luz de Putas, Klak!son eta Skasti taldeak.

Berritasunak

Udalak utzi die herriko gazteei eraikina, eta gazteak eurak izango dira kudeaketaren arduradunak. Funtzionamendu ona bermatu asmoz sei lantalde osatu dituzte: Mantenimendu, Komunikazio, Elkartruke, Parte Hartze eta Ikus Entzunezko taldeak hain zuzen. Bakoitzean gai ezberdinak landuta, talde bakoitzeko ordezkari batek hartutako erabakiak koordinazio bilerara eramango ditu gainerakoekin konpartitzeko.

Gaztetxea bera herrira zabaltzea funtsezkoa dela eta, etorkizuneko helburuetariko bat hori lortzea dela adierazi dute bertako kideek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak