Antzuolarrek eta aihertarrek berriz ere sendotuko dituzte harremanak hilaren 14an, domekan. Aiherra-Antzuola eguna, bi urtean behin gertatzen den legez, aurten Aiherran ospatzea tokatzen da-eta. Egun betea prestatu dute bisita turistikoz, jan-edanez eta jolasez zein musikaz betea datorrena. Hala, 700. urteurrena bete duen Bastida herria ezagutzeko aukera izango dute aihertarrek eta antzuolarrek egingo duten irteeran. Eta ohi den moduan bazkaria egingo dute eta dantzaldiaz, musikaz eta kantaldiaz gozatzeko aukera ere izango da. Bertako jendeak esku zabalik hartzen gaitu. "Goizean, iparraldeko ekonomia eta egoera ezagutzeko ekimenena egingo da; Eta bazkalostean, solasean eta kantuan, hainbat adiskidetasun egin izan ditugu", azaldu digu Ima Beristain alkateak.
28 urteko anaitasuna
Antzuolarren eta Aiherraren arteko senidetzeak 28 urte beteko ditu aurten. Hazia ereiten jarraitzea erabaki dute bi herrietako biztanleek. "Egiten dena sekula ez da nahikoa; gehiago egin behar dugu", nabarmendu digu Beristainek. "Antzuola-Aiherra egun hauek Euskal Herriko errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera ematen digute bi herrietako herritarroi", dio. 140 kilometrok bereizten ditu Aiherra eta Antzuola, baina askoz arrazoi gehiagok batzen ditu Iparraldeko eta Gipuzkoako bi herriak. "Ekimen honek bi herrietako herritar askori balio izan digu Euskal Herriaren irudi osoago bat izateko. Zentzu horretan, eta berrikuntzak beharrezko baditu ere, Udalak ekimen hau bultzatzen jarraituko du".