Ipuin kontalarien istorio zirraragarriekin aho zabalik

Arritxu Barruso 2012ko irailaren 30a

Pello Añorga idazle eta ipuin kontalariak asteburuan gogorarazi digun moduan ipuinak hitzak dira, hitz biluziak, baina indar asko daukatenak: "Hitzak besterik ez dira, baina begiak zabaldu eta adi-adi entzunez gero, barrua ukitu, hunkitu eta liluratu egiten gaituzte. Urrun, oso urrun, eramaten gaituzte, baina era berean gertu mantenduta, elkar ukitzeko bezain gertuan". Bada, sentsazio horiek guztiak bizi ahal izan dituzte aste bukaeran Antzuolako kaleetan barrena ibili direnek. Kontalarien Elkarteak Antzuolan ospatu du aurten Bazen Behin ipuin maratoia.

Nagusiak ere aho zabalik

Ipuin kontalariak umeekin erlazionatzen ditugu gehienetan, baina Antzuolan argi geratu da nagusiak ere aho zabalik utzi eta istorio eta abentura izugarrietan murgiltzeko magia eta ahalmena badutela ipuinek. Zapatu gauean, esaterako, ipuin erotikoen kontaketa egin zuten Torresoroan.

Ipuinen maratoi honetan gainera, hitz biluzi baina berezi horiek goi mailako kontalarien ahotatik entzun ahal izan dira. Herriko puntu eta kale ezberdinetan banatuta hamasei ipuin kontalarik jardun dute kontu kontari Antzuolan asteburuan: Marisol Abreu, Begoña Alabazan, Pello Añorga, Virginia Imaz, Amaia Arriaran...

Orakulua eta kontsultorioa

Domekan han eta hemen entzun zitezkeen istorio zirraragarriak. Zurrategi plazako kioskoa neska-mutikoz beteta zegoen, guztiak begiak zabal-zabalik eta kontalariaren abenturak jarraitzen. Kalebarrenen berriz, kontsultorioa ipini zuen Pello Añorgak irudimena eta sormena lantzeko eta orakulua ere topatu zitekeen kale berdinean. Eguerdiko txikiteoa ere ipuin-poteo bilakatu zen domekan, kontalariak kalez kale eta tabernaz taberna ibili ziren. Egun osoko egitaraua arratsaldeko ipuin maratoiak itxi zuek.

Aurtengoz bukatu da hitzaren maratoia. Hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila, datorren urtean, Euskal Herriko beste plaza batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak