Euskal Herrian, kontalaritzaren mugimendua aski berri da, nahiz eta kontalari batzuk urteak daramatzaten. Hala, euren aldarrikapenak zabaltzeko aukera izango dute –kontatzeko baldintzak hobetzearenak, alegia–. Antzuolan, besteak beste, Marisol Abreu, Begoña Alabazan, Pello Añorga, Amaia Arriaran, Virginia Imaz, Maite Franko edota Ana Rodriguez izango ditugu entzungai.
Kalera, denengana heldu guran
"Getxon hasi ginen, ondoren etorri ziren Legutio, Etxalar, Bermeo, Pasaia, Aramaio, eta aurten, Antzuolara ekarri dugu hitzen festa hau", azaldu digu Virginia Imaz Clown eta ipuin kontalari antzuolarrak. "Kalera aterako gara, gaztetxo zein helduentzako bideratuta, denengana heldu nahi dugu", dio Imazek. "Polita da, tabernaz taberna, kalez kale, giro onean, ipuin politak sortzen dira, entzuten dira. Ibiltaria da eta horrek ere bere xarma du", kontatu digu Amaia Arriaran ipuin kontalariak.