"Getxon hasi ginen, ondoren etorri ziren Legutio, Etxalar, Bermeo, Pasaia, Aramaio, eta aurten, Antzuolara ekarri dugu hitzen festa hau", azaldu digu Virginia Imaz Clown eta ipuin kontalariak. "Kalera aterako gara, gaztetxo zein helduentzako bideratuta, denengana heldu nahi dugu", dio Imazek. "Polita da, tabernaz taberna, kalez kale, giro onean, ipuin politak sortzen dira, entzuten dira. Ibiltaria da eta horrek ere bere xarma du", kontatu digu Amaia Arriaran ipuin kontalariak.
Goi mailako kontalariak
Bihar gauean eta domekan, Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako kontalariak izango dira gurean; bakoitzak bere lanaren berri emango du. Estilo ezberdinetako ipuin kontalariak dira eta Antzuolako kale, plaza zein tabernetan euren kontaketa estiloak eta proposamenak jendaurrera eramango dituzte. "Modu honetan euskal kontalaritzaren egoera nola dagoen erakutsi nahi dute; artistikoki zein proposamen eskaintzen diren eta izan badirela erakutsiz", nabarmendu digu Imazek.
Euskal Herrian, kontalaritzaren mugimendua aski berri da, nahiz eta kontalari batzuk urteak daramatzaten. Hala, euren aldarrikapenak zabaltzeko aukera dute –kontatzeko baldintzak hobetzearenak, alegia–. Antzuolan, besteak beste, Marisol Abreu, Begoña Alabazan, Pello Añorga, Amaia Arriaran, Virginia Imaz, Maite Franko edota Ana Rodriguez izango ditugu entzungai.
Denendako egitaraua
Ipuin festa zapatu gauean hasiko da, 22:30ean helduendako ipuin erotikoen saioarekin, Torresoroan. Domekan, aldiz, egun osoko egitaraua prestatu dute. Eguerdian, 12:00etatik 14:00etara, ipuinak egingo dira ume txikientzako Zurrategin; Ondoren, ipuin poteoa, kontsultorioa Pello Añorgarekin eta orakulua ere jarriko dute herriko plazan nahi duenak kontsulta dezan. Kontalari ibiltariak kalean zein tabernetan ibiliko dira eta edonork kontatu dezakeela ipuinak azpimarratu nahi izan digute. Izan ere, 17:00etan ipuin maratoia abiatuko da. "Aurten berrikuntza batekin gatoz. Edonork parte-hartzea bultzatu gura dugu eta horregatik domeka arratsaldeko ipuin maratoian nahi duenak bere ipuina kontatu dezake. Hori bai, ezin da idatzita ekarri, kontatu egin beharko da; horixe da baldintza bakarra", azaldu digute bi ipuin kontalariek.