Kontxi Izagirre: "baserriko sagarrak gustu berezia dauka"

Maider Arregi 2012ko irailaren 19a

Lan eta lan harrapatu dugu Kontxi Izagirre Uzarraga auzoko Bidaurre baserrian. Izan ere, oraintxe da sagarrak batzeko sasoia eta inguruko denda eta komertzioetan sagarrak banatzen ibiltzen da goizero. Bergarako San Martin azokan, berak eramandako sagarrari lehen saria eman diote.

"Gu saltzeagatik joten gara, baina saria emanez gero pozik, errazago saltzen dugu-eta", azaldu digu Kontxi Izagirrek. Sagar ona izateko baina, zein da sekretua? "Etxeko sagarra oso gustura jaten du jendeak. Zaporea ere ezberdina duela esaten digute. Baina aurtengo udaran eguzki falta izan ez dugun arren, euri gutxi egin du sagarra behar moduan hazteko. Guk ureztatze sistema erabiltzen dugu, bestela ezin daiteke horrelako sagarra egin".

Klase askotako sagarra banatzen ibiltzen da Izagirre. "Reineta, lehenago heltzen den sagar mota... mahairako sagarra eta askotarikoa dugu. Ondoen saltzen dena da sagar gorrixka da. Bergaran zapatuetan azokan izaten naiz eta sagar gorria da gehien erosten dena eta gustukoen dutena". Lehen azoketan ibiltzen zen esan digu Kontxik: "Garai batean asko saltzen zen azoketan eta azokaz azoka ibiltzen nintzen; orain ez da asko saltzen. Bergaran izaten naiz soilik. Han ondo ezagutzen naute eta jendeak badaki zer erosten duen".

Sagarra batzeko sasoia

Lan askoko garaia du orain Kontxik. Izan ere sagarrak batu eta inguruko denda eta komertzioetan banatzen dabil goizero. "Oraintxe da sagarra batu eta banatzeko sasoia. Eskaria badago, batez ere komertzio txikietan. Baserriko produktuen alde egiten dute askok, baina gero supermerkatu handietan erosteko joera izaten dute. Batzuk apreziatzen dute bertako sagarra, beste gustu bat duela esaten dute, baina beste batzuei berdin zaie zein sagar jan", azpimarratu digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak