Argi mozketen gaineko irtenbidea adostu du Udalak Iberdrolarekin

Maider Arregi 2012ko irailaren 12a

Antzuolako herrian azken urtean, argi mozketak ugaritu egin direla-eta, Udaleko ordezkariak Iberdrolari herritarren hainbat kexa helarazi dizkiote. Izan ere, Antzuolan, 2012ko lehenengo sei hilabetean 2011ko lehenengo sei hilabetean baino lau aldiz gehiagotan gertatu dira argi mozketak. Hala, Iberdrolako arduradunek arazoa bideratzeko jarduera plana azaldu berri diote Udaleko Hirigintza zinegotziari eta teknikariari; baita Ima Beristain alkateari ere.

Batetik, San Antonio-Antzuola kable sareko korredoreak garbitu eta zabaltze lanak aurreratuko dituzte eta legearen arabera utzi egindakoa. Lehenbailehen exekutatzea da enpresaren asmoa eta sei-zortzi hilabeteko epean egin, mozketak gutxituz. Bestetik, Gorlako alternatiba automatizatu nahi du Iberdrolak. Hau da, Antzuolak, argi indarra Bergarako San Antoniotik jasotzen du, eta sare hau erortzean, Gorlatik beste sare bat ipini zen. Hala, argi indarra ez datorrenean San Antoniotik, Gorlakoa konektatzea bi edo hiru ordu kostatzen da, eskuz egiten delako. Iberdrolak planteatzen duena da sare konexio aldaketa hau automatizatzea telemando bitartez. Asmoa da modu horretan 10-15 minututan argi indarra berreskuratzea, batetik edo bestetik. Honen aurreikuspena hurrengo negua da.

Udalak kaleratutako oharrean azaldu du ontzat hartzen duela Iberdrolaren erantzuna, eta zain geratzen dela inbertsio honen emaitza positiboak lehenbailehen ikusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak