Antzuolako erreka, garbiago

Ubane Madera 2012ko uztailaren 21a

10:00etan elkartu, katiuskak eta fregatzeko eskularruak jantzi, eta sardeak, zabor poltsak eta kuboak hartuta, 30 lagun bost taldetan banatuta buru-belarri ibili dira herriko erreka garbitzen. Plastikoak eta plastikozko zikinak dira, gehienbat, aurkitu dituztenak, eta espero ere espero zituztenak. Baina aurkitu dituzte, baita ere, ustegabeak: jarleku bat, aterkinak, galtzak, irrati bat eta eraztun bat, adibidez.

Batutakoa birziklatzera bideratuko dute gero, "ahal dena behintzat". Eta lana bukatu ostean, ondo irabazitako bazkaria egingo dute, gaztetxekoek prestatutakoa.

Ondo pasatu eta sentsibilizazioa handitu

Izan ere, Antzuolako gaztetxeak antolatu du herriko errekaren garbiketa; hirugarren urtez antolatu ere, nahiz eta egin birritan egin duten: "Iaz Diputazioko langileak aurreratu egin ziren eta guk garbitu aurretik eurek garbitu zuten", kontatu dute.

Kontuak kontu, giro polita aurkitu dugu gaur bertaratutakoen artean, eta garbitasunaren beharraz kontzientziatzeko ekimen egokia ere badela azpimarratu dute parte-hartzaileek: "Antzuola herri polita dela erakusteko erreka ere garbi egon behar da; kanpotarrak datozenean ikus dezaten herri polita dugula". "Guk ezagutu dugu jendea errekan bainatzen eta polita litzateke hori berriro ere egin ahal izatea". 

Bi urtetik hona, egoera hobea

Oro har, zikin samarrak garela ikusi eta onartu dute auzolangileek, nahiz eta orain bi urtetik hona errekaren egoera hobetu egin dela ere azpimarratu nahi izan dute. Gauzak horrela, etorkizunean esperantzarako lekua izango delakoan daude, eurek egin dutena ikusi ostean, beste batzuek ere modu berean jardungo dutelakoan; edo behintzat, gaur garbitzen ibili direnek argi ikusten dutelako horixe dela bidea.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak