Debagoieneko I. Txakolin Eguna, errepikatzeko modukoa

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 16a

Antzuolan ospatu dute, domeka eguerdian, eta arrakasta lortu du. Arrasateko Kataide eta Otxia txakolinak eta Oñatiko Upaingoa dastatu dituzte bertaratutakoek, Giokelako saiheski pintxoekin batera. Euriaren mehatxupean muntatu dituzte mahaiak eta beste antolatzaileek, baina ateri eutsi dio azkenik. Gustura geratu dira antolatzaileak ez ezik, ekoizleak eta herritarrak ere.

Arrasateko Otxia txakolina (heldutasun maila onekoa, zapore freskoduna eta edateko erraza), Kataide (gazi-garratz puntu egokiduna, garbia eta edataro onekoa) eta Oñatiko Upaingoa (fina, fruta-gustuduna eta erraz edatekoa). Hirurak dastatu ahal izan dituzte Antzuolako Herriko plazan batutakoek; gehienek probatu dute hiruretatik eta bat baino gehiagok baita errepikatu ere! Gustura edan dute, fresko-freskoa, eta gustura zerbitzatu dute ekoizleek eurek ere, ekimena bide onetik zihoala ikusirik.

Saiheski erre pintxoak eta gazta

Ardo zuri txinpartadunak Giokelako saiheski errea izan du bidelagun, Anelkarren eskutik; 100 kilo inguru banatu dituzte, pintxotan. Batutako dirua Antzuolako gobernuz kanpoko erakundeak Kongon eta Senegalen dituen proiektuetara bideratuko dute.

Eta gazta izan da ekimenaren hirugarren osagaia: Gomiztegikoa (Arantzazu), Pikunietakoa (Antzuola) eta Etxezurikoa (Aretxabaleta). Horiek nola dastatu ere ikasi dute bertaratutakoek, aditu baten eskutik.

Txartelak barra-barra

Lehen edizioa izanik aurtengoa, aurreikuspenik ez zuten antolatzaileek, baina 13:45erako 1.300 txartel saldu dituztela ikusirik (jan-edanerako), pozik zeuden emaitzarekin eta sinistu ezinik ere bai, hein batean. 

Irekiera ekitaldian, Arrasateko Hilarion, Bergarako Lasa eta Oñatiko Etxeaundi jatetxeetako ordezkariak izan dira. Debagoieneko XI. Jardunaldi Gastronomikoen barruan antolatu dute Txakolin Eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak