Herriko kirol talde denendako diru-laguntzak banatu nahi ditu udalak

Maider Arregi 2012ko uztailaren 10a

Kirol taldeei diru-laguntzak emateko oinarriak aldatzeko proposamena onartu berri du osoko bilkuran Udal gobernuak. Hala, herriko zazpi kirol taldek eskatu ahalko dute diru-laguntza aurrerantzean: Lokatzak, Arrola Mendi taldeak; Ariznoa gimnasia taldeak; Olalde pilota taldeak; AKE kirol elkarteak, Peña Aiastui bizikleta taldeak eta Eperra ehiztari elkarteak.

Diru-laguntzen aldaketen gainean, galdetu diogu Haritz Saidi Kirol zinegotziari. Ohartu ginen, diru-laguntzak zeuden moduan araututa, arazoak sortzen zituztela herrian, talde asko ditugu lanean-eta. Militantziaz eta bolondres, jende asko dugu gainera lanean; eta diru-laguntzen eskakizuna ere handia da. Gainera, kanpotik ikuskaritza bat etorriz gero ere, arazoak eduki genitzakeela aurre ikusita, talde guztiekin adostea erabaki dugu oinarriak aldatzeko. Orekatua eta ekitatiboa izan nahi dugu; eta talde txikiei ere egiten duten lana errekonozitzea da gure asmoa".

Hala, talde guztiekin adostuta, diru partida oso-osorik banatzea dutela nahia azaldu digu Saidik: "Orain arte, ez zen diru dena banatzen taula batzuk eta formula batzuk zeudelako. Irizpide horien arabera, diru partida dena ezin zen banatu. Eta den-dena banatzeko asmoa geneukalako ere planteatu dugu aldaketa. Datak ere aldatu ditugu dirua lehenago jasotzeko; adibidez, denboraldia bukatu aurretik”.

Kirol instalazioetan erreserba egiteko epea

Antzuolako kirol instalazioetan eguna eta ordua hartu ahal izateko ordu erreserba eskaera egiteko epea zabalik dago uztailaren 17ra arte. Hala, iraila hasieratik uztaila bukaera bitartean, 2012-2013 denboraldian, eskolako patioa, frontoia edo Eztalan jokatzeko aukera dago.

Erreserba egiten denean ordu bereko talde batek baino gehiagok izena emanez gero, talde horien artean jendaurreko zozketa egingo da. Nolanahi ere, Antzuolako bizilagunek lehentasuna izango dute.Izena emandakoei txandaren emaitzen berri Antzuolako jaien ondorengo astean emango zaie. Hartara, erreserbadunek irail hasieratik egutegi berriaren arabera jokatzeko aukera izango dute.

Zozketaren eta instalazioen gaineko informazio gehiago izateko, –frontoiaren araudia, Eztala futbol zelaiaren araudia eta eskolako patioaren araudia– www.antzuola.com Udal webgunera jo dezakezue. Baita erreserba egiteko ere: Bidali mezua kultura@antzuola.net helbidera edo deitu telefonoz 943 76 62 46 zenbakira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak