Debagoieneko Mankomunitateak eta eskualdeko hainbat jatetxek 2009an jarri zituzten martxan Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoak eta jada XI. edizioa da oraingoa. Jardunaldi horien baitan antolatu dute Debagoieneko I. Txakolin Eguna.
Elkarlana sendotuz
Edizioz edizio, elkarlana gastronomia arloko beste eragile batzuetara zabalduz joan da. Bergarako gozogileak batu ziren lehenik ekimenera, eta azken jardunaldietan gazta ekoizten duten artzainak batu ziren. Oraingoan txakolin ekoizleak ere gehitu dira. Hala, domekan honetan, Debagoieneko I. Txakolin Eguna egingo dute Antzuolan.
"Otsail inguruan jarri ginen harremanetan eskualdeko txakolin ekoizleekin. Lan horren lehenengo fruitua Artzain Egunean ikusi genuen, izan ere, bertan izan ziren txakolin ekoizleak euren produktuak aurkezten. Baina pentsatu genuen ea zergatik ez egin ekitaldi berezi bat txakolinaren inguruan eta hala sortu zen ideia" zehaztu du Ana Heriz Mankomunitateko turismo teknikariak. Ekimenaren helburua nagusia da eskualdean ekoizten den txakolina ezagutzera ematea.
Txakolina eta saiheskia euro baten truke
Kataide, Otxia eta Upain txakolina erosteko eta dastatzeko aukera izango da, euro baten truke, zapatuan Antzuolako plazan, 12:00etatik aurrera. Hirurak ere Debagoienean ekoitzitakoak dira eta Getariako Txakolinaren Jatorrizko izendapena dute. Lehen biak Arrasatekoak dira eta hirugarrena Oñatikoa.
Txakolinari laguntzeko Giokelak eginiko saiheski pintxoak ere banatuko dira. Antzuolako Anelkar Gobernuz Kanpoko Erakundeak prestatuko ditu. Pintxoa ere euro baten truke emango da. Batutako dirua Anelkarrek Kongon eta Senegalen dituen proiektutara bideratuko da. "Bi herrialde horietan Antzuolako boluntarioak dabiltza lanean" zehaztu du Jabi Etxaniz Anelkarreko kideak.
Gazta dastatzea
Eskualdeko Idiazabal jatorriko gazta erosteko eta dastatzeko aukera ere izango da, izan ere, bailarako artzainak bertan izango dira. Bestalde, Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren eskutik Antzuolako plazan izango diren gazten dastatzea egingo du Idiazabal Gaztako Dastaketa Ofizialeko Taldeko kide batek. Hala, gazten itxura, azala, kolorea eta usaia aztertuko dituzte, besteak beste.
Bertan dugu "altxorra"
"Ezezagunak garen arren, aspalditik gabiltza Debagoienean txakolina egiten", adierazi du Felix Etxagibel Otxia txakolin ekoizleak. Zehaztu du: "Orain dela 25 urte hasi ginen lehen mahatsa sartzen. Eta hasieran mehatxu asko jasan behar izan genituen arren, lortu dugu txakolina egitea. Bada, asko pozten naiz Mankomunitateak, Deba Garaia Landa Garapenerako Elkarteak eta Antzuolako Udalak guri aukera hau emateagatik. Izan ere, Debagoieneko txakolina ezagutzera emateko oso ekimen ona da. Jende askok ez daki hemen txakolina egiten denik, itsasaldeko erreferentzia dugu soilik. Gipuzkoan izugarrizko desoreka dago barruko eta itsasaldeko txakolinaren artean. Inguruan zer dugun konturatu behar gara. Askotan kanpora joaten gara eta bertan dugu benetako altxorra".
Ildo beretik egin du berba Upaingo Jose Mari Arzeluzek ere: "Oso garrantzitsua da bertakoek gure produktua dastatzeko aukera izatea eta ezagutzea".
XI. Jardunaldi Gastronomikoak
Ekainaren 15etik uztailaren 31ra arte, XI. Jardunaldi Gastronomikoen baitan, menu bereziak eskainiko dituzte ekimenarekin bat egiten duten jatetxeetan. Eskualdeko barazkiekin, euskal baserriko oilaskoarekin eta txokolatearekin gertatutakoak.