Gaur korritu duten Antzuola Sarian azken urteotan baino pareago egon dira indarrak. Iaz Debabarrenako Aitor Gonzalez bakarrik helmugaratzen ikusi genuen, eta goizean gutxigatik ez dio haren taldekide Mikel Aristik erreleboa hartu. Antzuolako kale estuak txiki geratu zaizkie esprintean sartu diren sei lagunei. Azken 60 metroetan, ikusita Jon Ander Insaustiren (Bidelan) eta Mikel Aristiren (Debabarrena) hankak indartsuegiak zirela, atzeko lau lagunek amore eman dute. Plazara iritsi aurretik, baina, Aristiri une batez salto egin dio kateak, eta horrek ez dio lagundu. Gertaera hori, baina, ez du aitzakina moduan erabili: "Gehiago izan da, ez dago besterik".
Urtero moduan, Antzuolatik Oñatirako joan-etorri biak abiadura bizian egin dituzte txirrindulariek, lehenengoa, batez ere. 47 kilometro ordurako batazbestekoan egin dituzte kilometro horiek, eta tropeleko asko geratu dira tarte horretan lasterketatik kanpo. Eguneko txarrena, Jon Riveroren erorikoa. Lehenengo kilometroetan eroriko bat saihestearren motorraz kolpatu eta lurrera joan da. Bizikletako kurpilaren itxurak erakusten zuen zelako kolpea izan den; lepauztaia apurtuta, hilabete batzuk beharko ditu ondo errekuperatzeko.
Albiste ona, berriz, Mikel Aristik eman du. Joan den astean Tolosan lasterketa ederra egin eta zazpigarren sailkatu zen; orduan pozik etxeratu zen. Gaurkoa izan da hobea, nahiz eta amorratuta joan den Bergara aldera. Amorratuta, garaipena esku-eskura izan duelako lehenengo urteko amateur mailako ziklistak. Handia izango litzateke kategoriara salto egin eta palmaresa estreinatzea. Baina bai, esprintean Bidelaneko Jon Ander Insausti azkarragoa izan da, metro batengatik azkarragoa.