Antzuolako Udal gobernua pozik dago urteak eman duenarekin

Maider Arregi 2012ko uztailaren 5a

Urte bete bete berri da agintaldi berriko Udal gobernua eratu zenetik. Hala, Udal gobernua osatzen duten Bilduko zinegotziek eta Ima Beristain alkateak balorazio positiboa egin dute.

"Udal gobernua pozik dago lehen urte honetan egindako lanarekin. Guztiontzat berria izan da Udaleko jarduna, baina Antzuola eta antzuolarren alde lan egiteko dugun ilusioak laguntzen digu. Elkarrekin ikasi dugu eta ikasten ari gara. Taldean konpartitu dugu guztia, ilusioak eta desengainuak eta horri esker lan-talde ederra sortu dugu". Gaiak eta proiektuak bideratzen dihardutela ere azaldu gura izan digu Ima Beristanek martitzeneko osoko bilkuraren ostean egindako adierazpenetan: "Balorazio ona egiten dugu. Pozik gaude, egia da inbertsiotarako ez dugula dirurik, bai ordea mantenurako. Daukagun diru apurrarekin ea zer egin daitekeen aurre ikusten ere bagabiltza. Herriari zabaltzea da asmoa; gure ideiak denen artean aztertzeko".

Izan ere, parte-hartzea nahi dutela bultzatu azaldu digute, beti ere herriari begira. "Herriarendako erakargarria izateko lan egin behar dugu batzordeetan; hala, gu ere ikasten eta prestatzen gabiltza mintegietara eta ikastaroetara joanez, fruituak eman ditzan epe laburrean", dio Beristainek. Bestetik, gardentasunaren aldeko apustua egin dutela azaldu digu Ima Beristainek. "Guk gardentasunaren aldeko apustua egin dugu. EAJ-koek batzordeetara joateko deialdiak ez zaizkiela iritsi esan digute osokoan. Gure helburua denek parte-hartzea da eta ez inor kanpoan uztea. Hori konpontzen saiatuko gara zalantza gabe eta nahi badute parte-hartzeko aukera ere izango dute noski", azpimarratu gura izan du alkateak.


Herria eta Udala bateratzea

"Udalean gehiengoa eduki arren, nahiago genuke Udaleko beste taldeekin gehiago jorratu, baina hau ez dago gure esku bakarrik", diote bilduko zinegotzi antzuolarrek. "Ez goaz orain banan-banan urte honetan egindakoak eta egin gabekoak zerrendatzera. Aurrera begiratu nahi dugu eta askotan hain urrun gelditzen den Udala herritarrengana gerturatu. Gure asmoa herria eta Udala bateratzea da", azpimarratu dute.

Antzuolarren iritzia ere aintzat hartu gura dute: "Herritarrekin konpartitu nahi ditugu gure asmo eta nahiak, eta herritarren iritzia ere ezagutu nahi dugu. Horretarako, uda ostean parte-hartze prozesu bat jarri nahi dugu martxan 2013ko aurrekontuak guztion artean egiteko. Parte-hartze prozesu hau ez da egun bateko lorea izango, etorkizunean ere auzolanean egin nahi dugu lan, antzuolar guztion artean erabaki dezagun nolako Antzuola nahi dugun", nabarmendu du Udal gobernuak.

Oposizioaren balorazioa

Maria Eugenia Arrizabalaga: "Udala proiekturik eta gardentasunik gabe"

"Bilduk Antzuolako Udala hartu zuenean, Gobernatzeko beste era bat ekarri behar zuela zioen eta gardentasunean eta parte-hartzean oinarritzen zuen Azken osokoan izan dugu azken adibidea ez dela horrela gertatzen ari. Gehiengo nagusi du Udalean eta gu gutxiengoan gaude. Baina herri ordezkariak gara eta guri botoa emandako jendearen alde begirunea erakutsi beharko luke. Izan ere, zenbait batzorde ez dute egin, parte-hartzailea esaterako. Eta beste batzuen deialdia ez zaigu iritsi ere egiten. Berdin Mankomunitatean. Bestetik, sumatu izan dugu, jendeak antzeman duela udala geldirik dagoela. Hau da, eguneroko arazo txikiei aurre egiten saiatzen dela baina ez duela inolako etorkizuneko proiekturik egiten. Krisia arrazoia izan daiteke baina aitzakia gehiago dela uste dugu".

Carlos Urrestarazu: "Bilduren gobernu kudeaketa negatiboa izan da"

"Antzuolako alderdi sozialistak, modu negatiboan baloratzen du Bilduren gobernuaren kudeaketa urte beteko agintaldiaren ostean. Udalerria, inolako inbertsiorik gabe eta pultsu gutxirekin ikusten dugu. Bilduk ez du ezer egin eta ilusio eta gogo falta antzematen zaio herriko arazoak konpontzeko eta hobetzeko garaian. Zenbakiek adierazten duten moduan, egoera ekonomikoa ona da diru soberakinak daude-eta. Diru hori ez da inbertsioak egiteko erabiltzen. Eta, Udal Finantzaketa Foru Fondora dirua epeka ez itzultzeak Udala itotzen duela uste dugu. Atez atekoaz esan, etsipen sentimendua dagoela antzuolarrengan; Bilduk inposatu egin du. Gainera, dokumentu ofizial guztiak euskaraz bidaltzen dute guk itzulpena eskatu arren; ez da legezkoa, oposizioaren lana oztopatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak