Lizarraga auzoan asteburu osoan ospatu dituzte San Martzialak

Jon Berezibar 2012ko uzt. 2a, 12:49

Zapatu eta atzo, domeka, ospatu zituzten Antzuolan, Lizarragan, San Martzial jaiak. Erromeriak, plater tiroketa txapelketa eta su artifizialak ez dira falta izan.

Eguraldia aldeko, zapatuan meza entzun eta mokadutxoa egin zuten ostean, ardo eta gaztarekin. Plater tiroketa txapelketa izan ohi da zapatuko izarra eta aurten ere ez du hutsik egin. Txapelduna Vicente Rajado izan zen, berdinketa hautsita Luis Manuel Altube Txanbolin eta Jose Luis Arregiren aurka; hirurek 15 plateretik 14 txikitu zituzten.

Iluntzean herri afaria egin zuten 80 bat lagunekin eta osteko erromeria Olarte eta Elortzak alaitu zuten. Gaua suzko errubera ikusgarriek borobildu zuten.

Domekan, dantzak

Eguraldi motela izan arren, domekan jende asko joan zen ermitara herriko abesbatzak lagundutako meza entzutera. Luntxa izan zuten, ohi bezala, eta ostean Antzuolako Oinarin dantza taldeak saioa egin zuen. Erromeriarik ere ez zen falta izan atzo arratsaldean eta, horretaz, Miren, Allur eta Maiztegi hirukotea arduratu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak