Genaro Laskurain: "Jende oso ona eta borondate handikoa daukagu herrian"

Maider Arregi 2012ko ekainaren 5a

Genaro Laskurainek 70 urte ditu. 25 egin ditu Mairuaren Alardean kapitain lanak egiten, eta orain, beste erronka bati ekin dio. Hilabete daramatza erretiratuen elkarteko lehendakari lanak egiten. Hasieran kosta egin zitzaion arren, martxa hartuta gustura dabilela kontatu digu.

Nolako hasiera izan duzu?

Oraindik eskua hartzen, baina jende ona eta langilea daukat inguruan eta asko laguntzen didate; bagoaz pixkana martxan hartzen. Nork bere hazia erein behar du. 

Ze asmo hiru urte hauetarako?

Bideratuta dauden lanei jarraipen ona egitea. Bazkide kopuru ona daukagu, baina, ahal bada, igotzea gustatuko litzaiguke. 257 bazkide ditugu une honetan. Kuota sinbolikoa ordaintzen da, 8 euro urtean. Bere abantailak baditu, noski. Esaterako, irteerak 30 euro inguru izaten badira, bazkideei deskontua egiten zaie. Txango asko antolatzen ditugu urtero: Gomiztegira, Errioxara, Kantabriara eta Iruñera iaz, esaterako. Bazkide ez direnek ere badute aukera etortzeko, sei euro gehiago ordainduta.

Ekintza ugari antolatzen dira.

Bai, gaztaina-erre jana, txistor-jana, Aratuste-merienda, hitzaldiak, irteerak... Jendearen harrera oso ona da. Podologo eta gimnasiorako aukera ere badago. 

Lanerako borondaterik badago?

Bai. Jende oso ona dago herrian, borondate handikoa. Gainera, 20 bat laguneko taldea, txandaka, arratsaldero etortzen da elkartera; jendeari kafea zerbitzatu eta nagusi eta ezinduei laguntza eta konpainia ematen diete. 

Zein erronka dituzue?

Aipatu nahi dut 86 urtetik aurrerakoek kuotarik ez dutela ordaindu behar. Horregatik, bazkide berriak behar ditugu kopurua mantentzeko. Animatu gurako nituzke herritarrak erretiratuen elkartera etortzera, bazkide izatearen abantailaz gozatzeko. Partidatxoa jokatzeko edo tertulia goxoa egin nahi dutenendako ateak zabalik daude.

Hiru urterako lehendakari.

Florentino Lamarianori hartu diot erreleboa. Hark bost urte egin zituen lehendakari moduan. Orain, araua jarri dugu, eta hiru urterako izango naiz lehendakari. Gustura hartu dut erronka, ilusioz. Orain dela bederatzi urte hartu nuen nik fabrikan erretiroa. Bederatzi urte eman ditut lasai eta langabe, eta orain 70 urterekin berriro hartuko dut beste era bateko lana, pozik. 

Ibarreko erretiratuen elkarteekin baduzue harremanik?

Bai, hilean behin egiten dugu bailarako batzarra. Ona da besteen esperientzen eta ekintzen berri izatea. Bergara, Arrasate, Eskoriatza, Gatzaga, Oñati eta Aretxabaletan batzen gara. Txandaka egiten ditugu bilerak, herri ezberdinetan, eta hurrengoa hilaren 29an egingo dugu. 

Irteerarik egiteko asmorik?

Ekainaren 20rako dugu asmoa, baina oraindik ez dugu ezer lotuta. Ekarpenak ongi etorriak eta hausnartuak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak