Laskurain baserria: hiru familiak bat, gizakiaren garapena ardatz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko eka. 1a, 10:00

Antzuolako Lizarraga auzoan dago kokatuta Laskurain baserria. Ez da edozein baserri: inguruan dituen paraje ederrak, baserriaren tamaina handiak eta batez ere bertan bizi direnek osatzen duten familia bereziak ezberdina egiten du. Antzuolako Udalaren artxiboan bada 1307. urteko agiri bat Laskurain baserriaz berba egiten duena; beraz, baserriak 702 urte ditu gutxienez. 

Laskurain sendiak Lete familiari utzi eta gero, 2007an Lete familiako azken ordezkariak Jesus Carlos Sebal eta haren familiari saldu zion baserria: "Aitona egokia aurkitu genuen, une egokian eta bizilagun egokienekin", gogoratzen du Sebalek.

2007tik 2009ra baserria zaharberritzen aritu ziren eta ordutik martxan jarri zuten printzipioz bizitza osorako izango den proiektua. Hiru familia bizi dira baserrian, antzeko helburuak dituzten ekintza gauzatzen dituztenak: Sebal eta haren emaztea den Dori Dobonek kudeatzen duten Laskurain psikomotrizitatea zentroa, Oihulari Klown taldeko Virginia Imaz eta haren familia, eta Taun Taun antzerki taldean ibilitako eta txotxongiloen munduan eskarmentu handia duen Iñaki Mata antzuolarra eta haren familia.

Imaz antzezleak honela azaldu digu hiru familien arteko elkarbizitza: "Baserri honetan elkartu garen familiak antzeko kezka eta helburuak ditugu. Profesionalki zein pertsonalki adierazpen munduan murgilduta gaude eta hori gozamena da, ederto gaude hemen".

Paraje ederra eta egokia

Dobon eta Sebalek kudeatzen duten psikomotrizitate zentroko  eskaintza zabala ezin hobeto ezkontzen da Laskurain baserria kokatuta dagoen paraje ederrekin: "Ingurune naturalak saio bakoitza hedatzeko aukera ematen du, izan ere, haurrek saioaren aurretik eta ondoren euren familiekin asko gozatu dezakete lasaitasuna nagusi den ingurune honetan. Gainera, zenbait animalia ere baditugu eta haurrek eurekin jolasteko aukera izaten dute eta animalia horiei beldurra dietenek beldur hori gainditzeko aukera izaten dute. Eta ez hori bakarrik: saioak kanpoan egiteko aukera badago eguraldiak laguntzen duenean", adierazi du Dobonek.

Zentrorako ekintzez gain, Dobon eta Sebalek aukera eskaintzen dute garapen pertsonalarekin zerikusia duten ekintzak antolatzeko: askotariko terapiak, musika, dantza, sormena, osasuna eta elikadura, besteak beste. Ekintza horiek antolatzeko areto ezberdinak alokatzen dituzte, beti ere garapen pertsonalarekin zerikusia dute ekintzak badira. Gaua bertan pasatzeko aukera ere badago, aurrez erreserba eginda.

Udala eta Oihulari, elkarlanean

Oihulari Klown antzerki taldea eta Antzuolako Udala elkarlanean dabiltza proiektu ezberdinetan: "Orain arte Antzuola sartu da gure taldeak antolatzen duen helduei zuzendutako ipuin zirkuituan", dio Virginia Imazek.
Datorren ikasturtera begira ere elkarlanean oinarritutako proiektu horrekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute bi aldeek, Imazen arabera: "Datorren kurtsoan antzerki programazio bat zehaztu gura dugu Udaleko Kultur Sailarekin batera, aste bukaerero ekintzaren bat antolatzeko. Proposamen horren aurrean Udalaren jarrera ezin hobea da", gaineratu du antzezleak.

Ipuin kontaketa saioa domekan

Oihulari Klown taldeak Bergaran lokala badu ere, Laskurain baserrian ere antolatzen ditu ekintzak. Bi hilabetean behin ipuin kontaketen tailerra egiten dute eta hurrengo saioa domeka honetan izango da. Egun osoa igaroko dute ipuinak kontatzen, 15 bat partaiderekin.

Bestalde, gaur ipuin kontaketa saioa egongo da Antzuolako kultur etxean (22:30). Venezuelan jaio arren duela zazpi urte Antzuolan bizi den Marisol Abreu ipuin kontalariak ikuskizuna eskainiko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak