Animaliak, ortuko produktuak, trikitilariak, artisauak eta herritarrak. Denak elkartu dira zapatu goizean Antzuolako Kalebarrenen, urteroko San Isidro azokan. Goizeko 10:00ak aldera bota duen zaparradak bat baino gehiago izutu ditu, baina laster ziren denak kalean.
Altzeta eta Iralatorreko animaliak, esterako, udaletxe aurrekaldean zeuden, Anelkarrek bidezko merkataritzako produktuak saltzeko jarri zuen mahaiaren ondoan eta urrian Andoainen egingo duten Kilometroak festarako materiala saltzen zuten postuaren parean.
Lleidako gereziak 9,95 eurotan, Gernikako hiru dozena piper lau eurotan, entsaladako tomatea 4,45 eurotan eta Corellako berakatzak ere ikusi ditugu salgai. Baita taloak, umeendako fardel berrerabilgarriak, erroskilak eta euskuz margotutako oihalekin egindako poltsak eta karterak ere.
Bertso saioa Torresoroan
Antzuolako San Isidro festetan azoka barrik ez, bertso saioa ere urtero egoten da, eta baita aurten ere. Egubakoitzean egin zuten, atzo, 22:30ean. Iñigo Izagirre, Alaia Martin, Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Gaztelumendi eta Aitzol Barandiaran aritu ziren bertsotan, umoretik gehienbat.
Eta San Isidroak izanik, baserri munduko gai bat baino gehiago izan zuten hizpide, nola ez.
Esaterako, baserrian lan egiteko erreminta bana eman zien gai jartzaileak bertsolariei, zertarako eta nola erabiltzen ziren azal zezaten. Izagirrek, bestalde, baserriko lanetan laguntzeko moduko morroia aukeratu behar izan zuen beste lau bertsolarien artean.