Herrian energia eraginkor kontsumitzeko lanean ari dira

Usoa Agirre 2012ko maiatzaren 7a

Kaleko argiteriaren ikuskaritza orokorra egin zuen joan den urteko udazkenean Antzuolako Udalak. Ikuskaritzako emaitzek erakutsi dute "badagoela zer egin arlo horretan", Iñaki Yarza Hirigintza zinegotziaren arabera. Behar baino argindar gehiago kontsumitzen da kaleko argiteriarekin; zenbait gunetan argi gehiegi dago eta beste zenbaitetan gutxiegi. Kaleko argiteria "desorekatuta" dagoela esan digu Yarzak.

Ikuskaritzaren arabera, posible litzateke kaleko argiteriaren energiaren kontsumoa %40 jaistea. Horrekin, energia kontsumoa gutxitzeaz gain, gastu ekonomikoa ere gutxituko litzateke. 2011n 46.000 euro gastatu ziren kaleko argiterian eta asmoa da gastu hori gutxitzea. Horretarako, baina, 100.000 eurotik gorako inbertsioa behar dela zehaztu digu Yarzak eta momentu honetan finantzazioa falta du udalak.

Horretarako lanean ari da orain udala. Zenbait enpresaren ateak jo dituzte eta EVE Energiaren Euskal Erakundearekin ere harremanetan daude, diru-laguntza lortzeko. Izan ere, erakunde horretatik diru-laguntza lortzeko baldintza minimo batzuk bete behar dira eta horretarako lanean ari dira.

Zenbait proba

Argiteriaren ikuskaritza egin zutenetik aritu dira zenbait froga egiten kaleko argietan. Izan ere, Yarzaren arabera, ez da gastua begiratu behar den bakarra: "Ikusi beharra dago ere ze argitasun mota, ze goxotasun ematen duen eta jendeak nola erreakzionatzen duen horren aurrean". Inguruko herrietan kaleko argiterian egindako aldaketen berri ere jaso dute lehen eskutik, Antzuolan aplika daitezkeen ikusteko.

Udal eraikinak

Kaleko argiteria aldatzeaz gain, udalaren eskumenekoak diren eraikinen energia eraginkortasuna ere aztertzen ari dira. Yarzak azaldu digunez, "helburua da behar den energia soilik gastatzea, "ez gehiago eta ez gutxiago". Udal eraikinetan energia gastu handiena duena da herriko eskola; argindar gehien gastatzeaz gain, bertan dute ura berotzeko eta berogailurako galdararik handiena. Gasolioa da eskolan erabiltzen den erregaia. Udaletxean argindar bidez funtzionatzen du berogailuak, eta Torresoroan, Eztalan, pilotalekuan eta Olaranen, berriz, gas propanoa dago sartuta.

Gas propanoa

Gaur egun herriko etxebizitzetarako eskaintzen den kanalizatutako gas bakarra da gas propanoa. Horretarako ere alternatibak aztertzen ari da udala. Iñaki Yarzak esan digunez, aztertuko dute "ze irtenbide dauden" eta horien artean "onena aukeratu". Dena dela, zehaztu du horretarako inbertsiorik egiteko dirurik ez duela udalak eta, beraz, udalarekin hitzarmena egingo lukeen enpresak egin beharko lukeela inbertsioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak