Terrazen tarifa berria eta bi langileren kontratazioa onartuta osokoan

Maider Arregi 2012ko maiatzaren 4a


Eguaztenean egindako osokoan, hainbat ordenantzen aldaketak onartu zituzten. Hala, pilotalekua abuztuan irekita egotea eta Eztala futbol zelaiaren ordutegia eta eskolako patioaren erabilera aldatzearen proposamenak onartu egin dira. Bi langileren kontratazio deialdia proposamena ere onartu da osokoan. Ordenantza hauek, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean irtengo dira eta 30 egunez izango dute herritarrek alegazioak aurkezteko aukera.


Terrazen erabilera berria
Iñaki Yarza Hirigintza zinegotziak, terrazen tarifak erabilpenera egokitzen saiatu direla azaldu digu. "Orain arte urte osoan tasa berdina zegoen eta hori egokitu gura izan dugu. Negu partekoa eta udakoa berdintzeko tasak egokitu nahi ditugu". Erretzearen legearen ondorioz, jendea neguan ere terrazan egoten dela azaldu digu Hirigintza zinegotziak: "Terrazak neguan erabilera izaten dute eta beraz, tabernariei lagunduz, tasa berriak jarriko ditugu".
Bi lanposturen deialdia
Udalean dauden bi lanpostu egonkortzea du asmo Antzuolako Udal Gobernuak.
Eguazteneko osokoan, izaera polibalentea duten bi langile, –horietako bat elektrizitatean espezialista dena– kontratatzeko deialdia egitearen proposamena onartu zuten. "Gure asmoa da lanpostuak egonkortzea", azaldu zuen Mikel Jauregi zinegotziak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean irten, eta 30 egunezko epearen ostean deialdia zabalduko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak